Mendeetan atzera egin dute gaur Artziniegako kaleek, Antzinako Azokaren XXV. edizioan. 1998an Artea Etnografia Elkarteak abiatutako ekimenak Erdi Aroko giroa ekarri du beste urte batez hiribildura. Goizean goizetik kale-animazioa, artisautza postuak eta antzinako ofizio eta ohituren erakustaldiak izan dira protagonista Artziniegan, eta arratsaldeko azken ordura arte luzatuko da festa.
ARGAZKIAK | Eguraldia lagun Antzinako Azokaren XXV. edizioa ospatu dute gaur Artziniegan. Goizean goizetik artisau eta janari postuek hartu dituzte hiribilduko kale nagusiak.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) September 14, 2024
Ikusi argazki guztiak hemen:https://t.co/qqrH6xdOO1 pic.twitter.com/8V6g3ksWWA
Giro eguzkitsua lagun, bisitari ugari erakarri ditu hitzorduak. Azokaren antolakuntzak Artziniegako herritarren parte hartzea goraipatu du. Izan ere, auzokideen inplikazioa da egunaren osagai nagusia. Mozorroak soinean, Erdi Aroko motiboekin apaindu dituzte etxeetako fatxadak, tabernak eta negozioak. "Zortea da herritik jaiotako ekimena izanik herritarrek hainbeste parte hartzea", nabarmendu du Unai Gotxik, antolakuntzako kideak.