Artziniegako Udalak prest ditu 2025erako ordenantza fiskalak. Atzo, azken udal osoko bilkuran, onartu zuten zerga, tasa eta prezio publikoen berriketa, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.
Europar Batzordeak kudeaketa horren kostuaren %100 herritarrek ordaintzea agintzen du, eta helburu hori erdiesteko igoko dute tasaren prezioa
Zabor-bilketa zerbitzuan izango da aldaketarik nabarmenena. Europar Batzordeak kudeaketa horren kostuaren %100 herritarrek ordaintzea agintzen du, eta helburu hori erdiesteko igoko dute tasaren prezioa.
Beste bi arrazoi nagusi daude zabor-bilketa zerbitzuaren igoeraren atzean. Alde batetik Aiarako Kuadrillak egingo duen zerbitzuaren lizitazio berria dago. Bestetik, Gardelegiko zabortegiko tratamendu instalazioetako zerbitzuen prezio igoerak ere eragin zuzena izango du zergaren berriketan.
Gauzak horrela Artziniegako etxebizitzek urtean 116, 44 euro ordaintzetik 142,42 euro ordaintzera igaroko dira. Periferietako herrietako etxebizitzen kasuan prezioen diferentzia honakoa izango da: urtean 87,33 euro ordaintzetik 128,28 euro ordaintzera igaroko dira herritarrak.
Udalaren aurreikuspenen arabera 2026an kostuaren %100 bere gain hartuko dute herritarrek, Europar legediak eskatu bezala.
%50eko errekargua etxebizitza hutsei
Ondasun Higiezinen gaineko Zergari dagokionez, behar gehien duten errentei hobariak eskaintzea izan da tokiko-administrazioaren asmoa. Horri lotuta honakoa adierazi du Joseba Vivanco Artziniegako alkateak: "Hemen ez dira karga-tasak ukitzen, baizik eta ordenantza aldatzen da, alde batetik, eta oso garrantzitsua, familia-unitatearen errenta-tarteen eta familia-unitate horretako kideen kopuruaren araberako hobariak sartzeko, urtean 42.000 euroko diru-sarreren zenbatekora iritsi arte, errenta txikienak dituzten familia-unitateei deskontua aplikatzeko".
Energia-efizientziarako neurriak hartzen ari diren etxebizitzei ere deskontuak aplikatuko dizkie Udalak.
Berrikuntza nagusiena, ordea, etxebizitza hutsei aplikatuko zaien %50erainoko errekargua izango da. "Azken alderdi hau Legeak Udalei ahalbidetzen digun tresna bat da, eta inplementatzen hasi nahi dugu, beste tresna bat izan dadin, askoren artean, etxebizitza hutsaren merkatura irteera hori errazteko", azaldu du Vivancok.
Beste zerga batzuk
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko zergari dagokionez %10eko igoera ezarri du Udalak, onartutako ordenantza fiskal berrietan. Zerga hori 2015etik izoztuta egon da, eta bataz bestez 8 euro gehiago ordaindu beharko dute artziniegarrek.
Halaber, kasu honetan ere, hobariak aplikatuko zaizkie ibilgailu mota guztiei, "ingurumenean duten eraginaren eta energia aurreztearen arabera, eta hobari bat familia ugarientzat, errentaren arabera arautua".
Udal igerilekuen sarrera prezioan igoera ere aurreikusi dute ordenantza fiskal berriek, lizitazio berria dela eta
Era berean udal-hilerria arautzen duen ordenantza eta zerbitzu publikoak eta administrazio-jarduerak egiteko ordenantzak eguneratu egin dituzte.
Udal igerilekuen sarrera prezioan igoera ere aurreikusi dute ordenantza fiskal berriek. 2025ean euro bat igoko da banakako sarrera eta bost euro denboraldiko abonua.
Horren atzean dagoen arrazoia da datorren urtean igerilekuak kudeatzeko kontratu berria lizitatuko dela, eta horrek "nabarmen handituko du kostua" Udalaren hitzetan.
Behar gehien duten errentei laguntza
Behar gehien duten errentei laguntza eskaintzea izan da ordenantza fiskal berrien helburuetako bat. Joseba Vivancok honela defenditu ditu hartutako erabakiak: "Zergak eta tasak jaisteak eta izozteak ez dute konpontzen egoera ahulenean dauden pertsonen eta bizikidetza-unitateen egoera larria, eta ez du inolako ekarpenik egiten desberdintasun sozialak gainditzeko eta aberastasuna birbanatzeko. Izan ere, hobariak azpimarratu behar ditugu. Hobarien bidez, benetan kalteberatasun handieneko egoeran dauden pertsonei eta bizikidetza-unitateei lagun diezaiekegu. Eta hori da bidea ".
"Gurea bezalako Udal bat batez ere foru finantzaketaz elikatzen da, batez ere obrei eta hobekuntzei aurre egin ahal izateko diru-laguntzak lortzeaz, eta udal zerga eta tasez, eta horiek ordaintzen dituztenak, gu guztiok, bizi kalitate hobean eta zerbitzu hobeagoetan eraginkortasunez bihurtzen direla zaindu behar dugu. Eta hau guztia ahaztu gabe, are gehiago, itsasargi gisa balio izatea, gizarte-desberdintasunak eta aberastasunaren birbanaketa gainditzeko joera duen zerga-politika ", gehitu du Vivancok.