"Lokatz festa" iragarri dute Soxoguti Erronkaren lehenengo edizioan

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko urr. 30a, 08:00

Azaroaren 14an egingo dute Soxoguti Erronka, 17 kilometroko trail lasterketa. / Aiaraldea.eus

Soxoguti Erronkaren lehenengo edizioa antolatuko du Artziniegako Ganzorrotz Mendi Taldeak datorren abenduaren 14an. Trail lasterketa eta mendi martxa uztartuko ditu kirol-ekitaldi berriak.

Agendan markatzeko kirol-ekitaldi berria izango du aurrerantzean Artziniegak: Soxoguti Erronka. Ganzorrotz Mendi Taldeak antolatu du hitzordu berriaren lehenengo edizioa, eta abenduaren 14an egingo dute; Artziniegako Soxoguti herrian bertan.

Trail lasterketa eta mendi martxa

Udalerriko mendiak eta naturguneak zeharkatuko dituen mendi lasterketa izango da kirol ekitaldiaren muina. Ganzorrotz taldeko kideek 17 kilometroko ibilbidea osatu dute Soxoguti herriko baso eta bideetan barrena. "Zaballa-Ganzorrotz eta Otsati mendietara igoko da, eta hala 900 metro inguruko desnibela metatuko da", azaldu dute antolatzaileek.

Trail lasterketa 10:30ean abiatuko da, baina hori ez da izango kirol-ekitaldiko hitzordu bakarra. Ordu bete lehenago, 9:30ean, mendi martxa hasiko da, trail lasterketaren ibilbide berdina jarraituz.

Egun osoko plana bihurtu nahi dute antolatzaileek Soxoguti Erronka. Horretarako musika, haurrentzako puzgarriak eta jatekoa eskainiko dituzte herrian, baita kirolarientzako aldagela eta dutxak ere.

"Ingurumenarekiko errespetu osoz antolatu nahi dugu lasterketa, Artziniega gure herria eta bertako naturguneak ezagutzera emateko helburuarekin", aldarrikatu dute Ganzorrotzeko kideek. Ohar bat ere utzi diete parte-hartzaileei: "Lokatza gorroto baduzu... ez etorri!!!".

Izen ematea zabalik

Honezkero zabalik dago Soxoguti Erronkan izena emateko epea. Dortsala Internet bidez eskuratu ahalko da, helbide honetan. Azaroaren 25era arte 15 euroko prezioa izango dute izen-emateek, eta egun horretatik aurrera 20 eurokoa.

Dortsalarekin batera kamiseta bana jasoko du parte hartzaile bakoitzak. Aurretiaz ere eros daiteke eslastikoa, helbide honetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide