Artziniega ONCEren Pueblos de pelicula saileko kupoiaren protagonista izango da azaroan. Kupoi-serie honetan ONCEk filmeen grabaketen plato izan diren herriak omentzen ditu. Hainbat filmen eszenatoki izan da Artziniega, La pequeña suiza, Patria edo Gernika filmak grabatu dira bertan, besteak beste.
Gaur aurkeztu dute kupoia Usue Vallejo ONCE Euskadiko ordezkariak, Miguel Morado ONCE Euskadi eta Kantabriako Joko Buruak eta Joseba Vivanco Artziniegako alkateak udalerriko museo etnografikoan. Bost milioi eta erdi kupoik izango dute Artziniegaren irudia. Kupoieko argazkian herriko hirigune historikoaren sarrera ikusten da. Vivancok nabarmendu du kupoiko argazkian agertzen diren etxeek ondo islatzen dutela udalerriaren izaera.
Kupoi horien zozketa azaroaren 24ean egingo da eta hilaren 18tik aurrera erosi ahal izango dira. Sari nagusia 300.000 eurokoa da.
Artziniega @ONCEuskadi -ren kupoien protagonista izango da. "Pueblos de película" saileko kupoiak izango dira eta azaroaren 24ean egingo dute zozketa.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) November 7, 2024
Info+👉https://t.co/GQHH4BjjEd pic.twitter.com/QiuBKAFpdm
Hainbat filmen eszenatoki
Film asko egin dira Artziniegan azken urteetan. Kepa Sojo zinemagile laudioarrak La pequeña Suiza grabatu zuen 2019. urtean eta udalerriko txoko asko ikusi daitezke bertan. Horrez gain, Patria (2012), Gernika (2015), Las noches que mirabamos al cielo (2020) eta 8 (2024) filmetako hainbat eszenetan agertzen da herria, besteak beste.