Munduko belenen erakusketarik ez aurten, Artziniegako udal kontu-hartzaileak azken hiru urteko dirulaguntzak blokeatu dituela salatzeko

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 12a, 10:30

Iazko erakusketaren aurkezpeneko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Santxotena Museoak salatu du epaitegira jo behar izan duela eta, halaber, EAJren jarrera salatu du. Jeltzaleek, aldiz, ukatu dute zerikusirik izatea gatazkarekin.

Artziniegako Santxotena Museoak jakinarazi du aurten ez duela munduko belenen erakusketa egingo udalerrian. 25 urtez antolatu dute eta 3.000 belen baino gehiago batu ditu ibilbide luze horretan. Horrela, aldarrikatu dute Espainiako Estatuan ikusgarritasuna izan dutela eta Europan ere katalogatu dituztela.

Dena den, 2024ko hitzordua ez dute beteko. Erabaki horren arrazoi nagusia izan da Udalarekin duten babesle hitzarmena, 2021tik kobratu ez dutena. Museoko arduradunek azaldu dute udal kontu-hartzaileak 2021tik blokeatu duela kultura egitasmoaren fakturen ordainketa, nahiz eta Ogasunari zergak kitatu, kobratu izango balute bezala.

Epaitegira eta Arartekora

Babesletza akordioak dituzten hiribilduko elkarteek antzeko arazorik ez dutela ikusita, museoko kideek epaitegira eta Arartekora jo dute. Nabarmendu dutenez, azken erakunde horrek bi aldiz eman die arrazoia.

Egoerak, dena den, erakusketa ez antolatzera bultzatu ditu, nahiz eta, aurten, adibidez, Galizian egongo den ikusgai.

Polemika politikoa

Hala ere, erabakiaren alde politikoa izan da hautsak gehien harrotu dituena. Santxotena Museoak aipatu du alkatea saiatu dela dekretuen bidez babesletza ordaintzen, baina gogor kritikatu du EAJren jarrera eta, zehazki, Encina Castresana bozeramailearen jarduera, zeinari leporatu dioten "gezurrak eta jazarpena" zabaltzea.

"Gezurrak eta jazarpena" zabaltzea leporatu dio Santxotena Museoak EAJri. Alderdi Jeltzaleak akusazio hori ukatu du

EAJren erantzuna

Alderdi jeltzaleak, bere aldetik, oharra plazaratu du Santxotena Museoaren akusazioak gezurtatzeko. Hasteko, honakoa adierazi dute jeltzaleek: "Artziniegako alderdi jeltzaleak beti baloratu eta babestu ditu udalerriari aberastasuna eta ikusgarritasuna ematen dioten kultur ekimenak".

Dena den, Artziniegako EAJko udal taldearentzat, egondako arazoa ez da politikoa, teknikoa baizik: "hitzarmenaren ordainketarekin lotutako edozein desadostasun edo arazo, kasu honetan, Artziniegako Udalaren kontu-hartzailetzaren kontu teknikoei eta fiskalizazioari erantzuten die".

Horrela, kontu-hartzaileak egindako lana babestu dute: "Udal kontu-hartzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera jarduten du funts publikoak modu justu eta legalean administratzen direla ziurtatzeko. Kontrol horrek ez dio motibazio politiko edo pertsonalari erantzuten, baizik eta diru publikoa erabiltzean gardentasuna eta eraginkortasuna bermatzen duten prozedurak betetzeko beharrari".

Halaber, jeltzaleek harriduraz hartu dituzte Santxotena Museoak egindako akusazioak eta ukatu dute Encina Castresanak egitasmoa jazartu izana: "Herritarren ordezkari eta Artziniegako oposizioko alderdi nagusia garen aldetik, EAJ-PNVren lana herritar guztien interesak defendatzea da, eta, ildo horretan, hitzarmen bakoitza ebaluatzen da guztion ongia lehenesteko helburuarekin". Hori dela eta, jeltzaleek berretsi dute udal-hitzarmenei buruzko edozein kritika edo balorazio esparru politikoan eta araudiak eta prozedurak errespetatuz adierazi dela, "jazarpentzat jo daitezkeen balorazio pertsonaletan edo ekintzetan sartu gabe".

Azkenik, elkarrizketarako deia egin dute jeltzaleek alde ezberdinen artean, arazoa bideratzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide