Ekintza mordoa egongo dira azaroan Artziniega Museoan. Kontzertuak, hitzaldiak eta erakusketak ikusi ahal izango dira hilabete honetan.
Larunbat honetan, azaroak 16, Bleibet abesbatzaren kontzertua izango da 20:00etan. Musika sakroa, habanerak, munduko kantak eta euskal kantak entzun ahal izango dira bertan. Horrez gain, Ekonomia Zirkular erakusketa egongo da azaroaren 17ra arte.
Azaroaren 22an eskainiko dute Txarriboda eta zerbait gehiago izeneko hitzaldia. Luis Angel Villateren eskutik, txerri-hilketak garai batean zuen garrantzia eta sortzen duen ekonomia zirkularra azalduko dituzte. Horri lotuta, hurrengo egunean Txarriboda egingo dute museoan bertan. Harakin bat egongo da animaliaren zatiketa egiten, eta prozesu guztia didaktikoki azalduko dute, irakasle batek lagunduta. Zuzenean egingo dituzte txerriaren zatiketa eta odoloste zein txorizoak, eta produktuen dastatzea eskainiko dute ondoren, doan.
Azaroaren 30ean, aldiz, Hozffer Ana lantegiaren historia erakusketaren inaugurazioa eta mahaingurua egongo dira. Artziniegako lantegi bat izan zen Hozffer Ana, puntuzko salgaiak egiten aitzindaria bilakatu zena 1960ko hamarkadan. Lantegian lanean ibili ziren emakumeak egongo dira beraien esperientzia kontatzen mahainguruan. Erakusketan sail bakoitzaren kopia txiki bat egingo dute eta jantzi bat diseinatzen zenetik merkatura ateratzen zen arte egiten zen prozesu guztia ikusi ahal izango da, museoak fabrikako giroa hartuta.