Artziniegako udal gobernu taldeak 2,5 milioi euroko aurrekontuak onartzeko asmoa dauka abenduan eta jadanik oposizioari bidali dio egitasmoa. EH Bilduk aipatu du urrian hasi zirela lanean, auzo batzarren ostean.
Joseba Vivanco alkateak adierazi du aurrez aurreko bilerak ez ezik, galdetegi telematikoa ere zabaldu zutela herritarren artean eta parte hartze prozesuaren ondorioak izango direla aurrekontuen oinarria: "Datorren urtean garatzeko hamabost proposamen jaso dira, eta bizilagunek Udalak 2025erako finkatu dituen jarduketa-lehentasunak berretsi dituzte".
Bitarteko ekonomiko gehiago
Horrez gain, tokiko erakundeak diru sarrerak handitzea espero du. Hain zuzen, baso-aprobetxamendurako 270.000 euroko lizitazioa egikaritu nahi du 2025ean.
Alkatearen aburuz, horrek inbertsioak biderkatzeko tartea eskainiko die: "Honi esker, gastu berriei aurre egin ahal izango diegu, hala nola ostegun honetan Osoko Bilkuran onartu dugun Lanpostuen balorazio berriaren aplikazio ekonomikoari, aurreikusitako jarduerei ekiteaz gain, hala nola udal estalkietan eguzki plakak jartzea, udal bideen egokitzapenarekin jarraitzea, Garapenerako Lankidetzaren partida handitzea, hiriko horma-irudien planarekin jarraitzea, txakurren aisialdirako gune bat gaitzea, ikastetxe publikoko IGEari diruz laguntzen zaion zenbatekoa handitzea, etab."
Mozioa
Horrez gain, EH Bilduk aipatu du atzoko udalbatzan tokiko finantzazioari lotutako mozioa onartu zutela: "Toki Erakundeen finantzaketa eredua eguneratzeko beharra adieraziz eta Arabako Batzar Nagusiei Toki Erakundeen Finantzaketa Funtserako dituen baliabideen ehunekoa handitzeko eskatuz".
Izan ere, alkatearen iritziz, "azken hamarkada hauetan, onartutako legeen bitartez, toki entitateek gizarte behar berrietatik sortutako zerbitzu eta eskumenak hartu ditugu. Hala ere, Arabako toki-erakundeen finantzaketa arautzen duen araua ez da eguneratu 27 urtean".