Hiri baratzeak sortzea eta etxebizitzari begirako neurriak ezartzea proposatu du Artziniegako EAJko udal taldeak

Erredakzioa 2024ko abe. 5a, 21:00

Artziniegako EAJko kideak, artxibo irudi batean. / EAJ

EAJk bere proposamenak erregistratu ditu 2025ko udal aurrekontuetarako eta proposamen ugari jaso dituzte.

Artziniegako EAJk jakinarazi du hainbat proposamen egin dituela hiribilduko 2025eko aurrekontuetan txertatzeko. Encina Castresana bozeramaile jeltzaren aburuz, udal gobernu taldearen zirriborroak ez du bermatzen herriko garapena eta, horregatik, zenbait egitasmo iradoki dituzte.

Esaterako, hiriko baratzeak sustatzeko partida bat sortzeko beharra nabarmendu dute, 2.500 euroko hasierako aurrekontuarekin. Herritarren parte-hartzea eta elikagaien autosufizientzia bermatu nahi dituzte horrela. Horrez gain, azpiegitura turistikoen sarea hobetzea eta tokiko ondarea biziberritzea proposatu dute, 15.000 euroko esleipenarekin jarduera turistiko eta kulturaletarako, baita udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistema instalatzea ere.

Halaber, etxebizitza hutsen birgaitzean, alokairurako edo erosketarako erabilgarritasuna kuantifikatzea eta berraktibatzea ahalbidetuko duten bitartekoak bideratzea ere eskatu dute.

Kirol esparruan, 30.000 eurorekin tenis pista padel pista bilakatzea aldarrikatu dute.

Udal gastuak eta langileak

Aipatutakoaz gain, Encina Castresanak azpimarratu du oso garrantzitsua dela langileen eta ibilgailuen gastuak berrikustea, "funtsezkoa baita baliabideak modu eraginkorragoan kudeatzea". Era berean, "ibilgailu hibridoen edo elektrikoen leasing-a aztertzea" proposatu dute, "beharrezkoak ez diren gastuak murrizteko, eta arlo bakoitzaren benetako beharrei baliabideak behar bezala esleitzea lehenesteko".

Udal langileei dagokienez, lan-eremuan, udal-langileen jantzien uniformetasunari eta egokitzapenari 10.000 euro esleitzea jaso dute, bai eta barne-kudeaketa optimizatzea ahalbidetuko duen lan-fitxaketarako sistema ezartzea ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide