Armairu adimendua jarri du Foru Aldundiak Artziniegan, "landa merkataritzaren banaketa handitzeko"

Txabi Alvarado Bañares 2024ko abe. 9a, 06:00

Toñin Luengas frontoian dago armairua. / Artziniegako Udala

Arabako sei udalerritan jarri dituzte azpiegitura horiek, bana kuadrilla bakoitzeko. 

Armairu adimendunak jarri ditu Arabako Foru Aldundiak Artziniega, Araia, Guardia, Murgia, Langraiz Oka eta Santikurutze Kanpezun; bana herrialdeko kuadrilla bakoitzeko. Modu horretan, "landa merkataritzaren banaketa handitu" nahi du erakunde publikoak, aukera emanez kontsumitzaileei produktuak eskuratzeko "establezimendu fisikoa itxita dagoenean". 

Android eta IOS gailu mugikorretarako "ADN lockers" aplikazioaren bidez baliatu daitezke armairuak, modu honetan: "Bezeroak aurrez aurre, posta elektronikoz, whatsappez edo telefonoz egin behar du eskaera, eta posta elektronikoan jasoko ditu eskaeraren xehetasunak eta armairua irekitzeko kodea. Bezeroak noiznahi kontsultatu ahal izango du bere eskaeraren egoera APParen bidez, eta, eskaera jasotzeko prest dagoenean, abisu bat jasoko du. Horretarako, irekiera kodea baino ez du sartu beharko armairuan, eta bere erosketarekin lotutako atea irekiko da". 

Armairu bakoitzak 28 espazio ditu guztira, eta horietako seik dute hozkailu sistema, horren beharra duten produktuentzat. 

Arabako Landa Merkataritzari Laguntzeko Planaren barruan garatu dute egitasmoa, Europako Funtsak baliatuta. Artziniegako armairua Toñin Luengas frontoian kokatuta dago. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide