Artziniegako arteak ez du lortu 2025eko Zuhaitza izatea, Abengibreko (Albacete) pinuari egokitu baitzaio ohore hori. Izan ere, 6.013 lagunen babesa eskuratu du Abengibreko zuhaitzak.
Dena den, Artziniegako arteak harro egoteko moduko partaidetza izan du, 4.134 boza bildu baititu orotara. Hau da, bigarren sailkatu da eta hurrengoak baino nabarmen babes handiagoa izan du.
Zehazki, Huelvako pinuak 2.348 boto izan ditu, Teruelgo karraskak 745, Cornallanako haritzak 726, Peracenseko karraskak 643, Puentenansako erkamentzak 611, Segoviako soforak 544, Coyako haritzak 445 eta Foz Calandako karraskak 214.
Aipatu beharra dago artziniegarrek kanpaina oso aktiboa egin dutela hiribilduko artearen alde eta hori bistakoa da, zuhaitzaren bozek herritar erroldatuen kopurua bikoiztu baitute.