JOSEBA VIVANCO RETES

“Trantsizio urtea izan da honakoa, eta oinarri sendoak jarri ditugu datozen bi urteetarako”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko urtarrilaren 13a

Ilusioz bizi du Joseba Vivancok herrian nabari duen aldaketa giroa. / Aiaraldea.eus

Trantsizio urtetzat jo du 2024a JOSEBA VIVANCO RETES Artziniegako alkateak. Gogotsu dago aurten bukatutako lanak funtzionamenduan ikusteko, herrian aldaketa nabaria dela dio.

Zer nolako urtea izan da 2024a Artziniegan?

Urte korapilatsua izan da, mundu guztiarentzako bezala. Nagusiki nabarmenduko nuke trantsizio urtea izan dela honako hau Artziniegako Udalean. Trantsizioa bai, baina trantsizio eraginkorra. Nik uste, azkenengo hilabeteetan, lortu dugula legealdiko hurrengo bi urteetarako oinarri sendoak jartzea.

Hainbat aspektutan uste dut izan dela trantsizio urtea. Alde batetik, udaletxeko idazkariak erretiroa hartu du, baita obra eta zerbitzuen arduradunak ere. Oinarrizko bi pieza dira horiek udalaren funtzionamenduan. Uda hasieran bi pieza horiek galtzea, hankaz gora jarri du gure funtzionamendua hainbat hilabetez. Egoerak aldaketak egitera behartu gaitu, Udalaren barne antolaketan eragina izan dutenak. Barne antolaketako aldaketa horiek, gerora, eragin zuzena dute herritarrengan. Adibide bat jartzearren, ordainketa epeen bataez bestekoa handiegia zen Udalean. Irailerako epe hori erdira jaistea lortu genuen, eta urte amaierarekin are gehiago jaitsi dugu. Guretzako hori barne mailako lorpen handia da, kanpora begira, agian, igarri egiten ez dena, baina eragin zuzena duena herritar eta ekoizleengan. Lanpostuen balorazioa eta langileen estabilizazioa ere gauzatu dugu aurten, horiek ere barnera begirako lorpen handiak dira.

Beste arlo zeharo desberdin batzuetan ere, trantsizio urtea izan da 2024a. Kultur etxeko lanak amaituta daude honezkero. Ekipamendua lizitatzeko pleguak prest ditugu. Beraz, 2025eko lehenengo hiurhilekoan abian egongo da kultur etxea, eta izugarrizko potentzialitatea emango dio herriari. Eguneko zentro berriaren proiektua prest daukagu ere, Foru Aldundiko onespenaren zain gaude; hori jasotzen dugunean buru-belarri jarriko gara lanean. Dorretxea ere amaituta egongo da; hotel zerbitzua lizitatu eta funtzionamenduan izango dugu 2025ean. Hiru proiektu handi dira hauek,  datorren urtean martxan baditugu oso garrantzitsua izango da udalerriarentzat.

Energia-kontsumo jasangarrirako bidean zenbait neurri aplikatu dituzue.

Bai, energiaren aurreztearen eta jasangarritausn energetikoaren gaian murgildu gara aurten. Aspalditik genuen tintontzian, eta aurten lortu dugu behingoz gaiari heltzea. Oinarri sendoak jarri ditugu. Udalerriaren plan-energetikoa gauzatu dugu, lehenengo eguzki plakak-jarri dira ikastetxean, datorren urtean frontoian jarriko dira… Energia-komunitate baten sorreran ere aurrerapausoak eman dira, interesa duten zenbait bizilagun elkartzen hasiak dira. Guretzat garrantzitsua zen hori, ezinbetsekoa zen bidea urratzea, horrek erraztasunak ekarriko dizkigu etorkizunean. 

Horma-irudien ibilbideari hasiera eman diozue aurten.

Gogoa genuen proiektu horri ekiteko, eta aurten lortu dugu hasiera ematea. Erlojuaren dorreko horma-irudiarekin hasi ginen, eta jendeari gustatu egin zaio. Gure ideia da datozen urteetan proiektuan lanean jarraitzea eta urtez urte mural berriak egitea. Alde zaharrean egin nahi dugu hurrengoa, baina korapilatsua da bertan ezer egitea. Hasi gara gauzak mugitzen.

Bide berdinetik, Xabier Santxotenak 750. urteurrenerako egindako eskulturetako bat erostea erabaki dugu, herriaren ondare izan dadin. Lau eskultura egin zituen Santxotenak, eta urtebeterako lagatu zizkion herriari. Parrokia aldamenean dagoena eroskiko dugu, udalerriko ondare kulturala aberasteko.

Ondare kulturalaz ari garela, aurten Artziniega Museoaren 40. urteurrena izan da.

750. urteurrenetik gentozen, eta hori nahiko kañeroa izan zen, baina herri honetan ez dago atsedenerako tarterik. Urte osoan antolatu dira ekintza desberdinak urteurrena ospatzeko, azken hilabeteetan gehiago egin dira.

Museoari dagokionez, datorren urtean horren kanpo proiekzioan egin behar dugu lan. Alor horretan, Aiaraldeko Sustapen Ekonomikorako Planetik eratorria, eskualdeko museoak barnebilduko dituen ibilbide bat osatuko da, eta horren baitan museoen web-orria atonduko da. Horrek asko lagunduko du Artziniega Museoaren proiekzioan.

Bide horretan, aurreko legealdian gure buruari jarritako helburu bati eman diogu segida: Artziniega mapan jartzea. Museoaren urteurren ekitaldiak ez ezik, beste hainbat ekimenek zabaldu dute Artziniegaren izena mundu zabalean: Emakundek EAE mailako Beldur Barik sariketa Artziniegan antolatzea, Arabako atletsimo txapelketa, ONCEren zozketako kupoietan Artziniega agertzea, santutegiko artea urteko zuhaitz izateko jaso duen hautagaitza… Proiekzio hori oso garrantzitsua da guretzako. Geroz eta jende gehiago dator herria bisitatzera ere. Asteburuetan asko dira ingurura datozen mendizaleak, eta astebarruan ere jende asko hurbiltzen da Artziniegara.

Pozgarria da kanpotik Artziniegan arreta jartzea, baina gu geu gara (herritarrak, Udala, elkarteak) giro hori sortzen dugunak. Erakunde asko datoz Artziniegara ekimenak antolatzera, hemengo elkarte eta bizilagunek erraztasunak jartzen dituztelako. Herri jator eta aktiboa daukagu.

Horren erakusle da ere Antzinako Azokaren XXV. edizioa. Azoka antolatzeko lana bere gain hartuko zuen komisioa sortzea bera egundoko arrakasta izan zen guretzako. Bi urte daramatzate lanean eta oso edizio arrakastatsuak utzi dituzte.

Fiskalitatean berriketa egin duzue aurten, etxe-hutsei errekarguak jarriz edota energia-azpiegiturak hobetzeko hobariak eskainiz.

Lan sakona egin dugu hor. Ordenantza andana genituen oso aspalditik inolako berrikuspenik gabe. Ordenantza esanguratsuenei buelta bat ematea erabaki dugu aurten. Arreta berezia jarri diogu energia-aurrezteko ekintzei ematen zaizkien bonifikazioei; bai autoen zerga dela, bai obra lizentziak direla.

Etxe hutsei errekargua jarri diegu ere bai. Ikusteko dago zenbat etxebizitza huts dauden udalerrian. Uste dugu ez direla asko izango, gehienak etxe zaharrak izango dira. Gaur egun Artziniegan, prezioak oso altuak diren arren, alokairuan edo salmentan jartzen den etxe orok oso gutxi aguantatzen du. Etxeak okupatzeko eskaria badago udalerrian. Materia honetan dugun arazo handiena da, udalerrian ez dugula behar betse lursail Eusko Jaurlaritzari edo betse administrazio bati eskaini eta babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko. Eskuragarri ditugun lursail gehienak txikiegiak dira Jaurlaritzaren aburuz. Udal Gobernu gisa sakonean landu beharreko gaia da, guri gustatuko litzaiguke.

“Legealdia amaitzean ohartuko gara egundoko aldaketa bizi izan duela herriak. Ilusionagarria da horren parte izatea”

Trantsizio urte honen ostean, nolakoa aurreikusten duzu gainerako legealdia?

Niri ez zait bereziki gustatzen atzera begira jartzea, jakin badakidalako aurrean dugun lana izugarria dela. Baina, perspektiba hartuta, legealdia amaitzen denean, oso nabaria izango da azken urte hauetan herrian gertatu den aldaketa. Azpiegitura berriak izango ditugu erabilgarri, udalerriaren potentzialitatea nabarmen handituko dutenak. Herriak duen kanpo proiekzioa ere nabarmen aldatu da azken urteetan. Datozen bi urteetan, lan oso garrantzitsuak egongo dira amaituta hala nola Garai hiribideko trabesia. Lanak lan, ziur naiz pozez begiratuko dugula atzera, demagun 2027an, ikustean zenbat azpiegitura eta ekipamendu berri dituen Artziniegak.

Gure ardura da abiatutako bidean aurrera egiten jarraitzea. Jarrai dezala kanpoko jendeak Artziniega ezagutzen. Eta guk ere jarrai dezagun hain ezinbestekoa dugun Artziniegako bizitza sozial eta kulturala mantentzen. Ilusionagarria da horren guztiaren parte izatea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide