2.815.515 euroko aurrekontu proiektua onartu zuen Artziniegako Udalbatzak astelehenean egindako osoko bilkuran, EH Bilduk alde eta EAJk kontra bozkatu ostean. Iazko aurrekontuetan baino 706.187 euro gehiago aurreikusten dira aurten.
Inbertsio ugari 2025ari begira
EH Bilduk adierazi duenez, hainbat inbertsio nabarmentzen dira aurtengo proiektuaren baitan, hala nola herrian bigarren horma-irudi bat egitea, La Barcenako zelaian haurrentzako jolas-gune bat egitea, txakurrentzako aisialdi-gune bat prestatzea, landa-eremuko bideak zein herriguneko espaloiak konpontzea, ikastetxe publikoaren garbiketa-zerbitzuaren lizitazioa, udal-eraikinetan plaka fotovoltaiko berriak jartzea...
Baina Joseba Vivanco alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, hiru dira proiektuaren habe nagusiak: alde batetik, Eguneko Arreta Zentro berria egitea; bestalde, Kultur Etxe berria abian jartzea; eta azkenik dorretxeko hotelaren kudeaketa esleitzea.
“Garapenean atzerapausoa”
Horrela definitu du alderdi jeltzaleak aurrekontuen proiektua, eta “Udalaren iraunkortasun ekonomikoa arriskuan jartzen duela” gehitu du. Encina Castresanak EAJko bozeramaileak azaldu duenez, aurrekontuetan “aparteko partidak kendu direnez, hala nola Eguneko Zentroaren lokalerako Foru Plana (213.948 €), baso-aprobetxamenduengatiko diru-sarrerak (250.000 €), Museo Etnografikorako Aldundiaren funtsak (55.000 €) eta eskualdeko enplegu plana (136.929 €), benetako aurrekontua 2.159.647 eurokoa da” eta haien ustez, kopuru hori “errealitatetik askoz hurbilago dago”.
Era berean, langileen gastuaren eta inbertsio errealen artean desoreka dagoela adierazi dute, eta alkateari leporatu diote ordainsari gordina igotzea “31.980 eurotik 33.650 eurora, eta 11.000 euro Gizarte Segurantzan”.
Horren aurrean, Vivancok azaldu du bere soldata, eta beste udal langileena, % 2 igoko dela EAJk bere garaian onartutako udal hitzarmen baten ondorioz.
Halaber, Artziniegako alkateak adierazi du aurrekontua “aldatzen doan elementu bizia” dela, eta azaldu du urte bukaeran beharbada 3,5 milioi eurokoa izatera hel daitekeela, “lortutako dirulaguntzen edo soberakinetik hartutako diruaren ondorioz”. Edozein kasutan, zehaztu du aurrekontuak ez duela adierazten aurten kultur etxea irekiko denik, edo dorrearen hotela lizitatu eta irekiko denik edo eguneko zentro berria eraikiko denik, baizik eta horiek aurreko urtetik datozen partidak direla, aurrekontuari gehitzen zaizkionak. “Proiektu horiek mugarria izango dira Artziniegarentzat, baina ez soilik aurten, ezpada legegintzaldiaren osotasunean”, adierazi du Vivancok.
EAJren ekarpenak
Zabaldutako oharrean azaltzen dutenez, EAJk aurreproiektuari aurkeztu zizkion 17 zuzenketatik zortzi ezetsi dira. Horien artean, jeltzaleek nabarmendu dute “etxebizitza hutsak identifikatzeko eta berraktibatzea sustatzeko azterlan bat, bereziki gazteentzat, eta industria-eremuak handitzeko plan bat”. Ildo horretan, oposizioko alderdiak jakinarazi du “esku hartzeko txosten batek ohartarazten duela diru-sarreren eta gastuen arteko desoreka 153.07797 eurokoa dela” eta 2026an ez denez aurreikusten mendiak mozteagatik diru-sarrerarik lortzea, Castresanaren arabera, “aurrekontu horiek ez dira eraginkorrak, eta, gainera, Artziniegaren etorkizuna arriskuan jartzen dute. Beharrezkoa da kudeaketa arduratsuagoa eta gardenagoa, gure bizilagunen ongizateari lehentasuna emango diona”.
Horri erantzuteko, Joseba Vivanco alkateak aipatu du kontuan hartuko dituztela egindako hainbat ekarpen, baina Udalari “bere papera egitea” dagokiola.