Artziniegako Udalak bisitak egin zituen atzo Kultura Etxea eraberritzeko lanen emaitza erakusteko eta 60 herritar inguruk parte hartu zuten. "Adin ugariko jendea agertu zen, helduak, nagusiak, familiak seme-alabekin...", aipatu du Joseba Vivanco alkateak.
Udalburuak erantsi du bisitariek harridura adierazi zutela: "Ganbara erabilgarri egongo da, eta sortu diren gelak oso handiak eta zabalak dira".
Edonola ere, eremu fisikoa ezagutarazteko ez ezik, Udalak aukera baliatu zuen iragartzeko nola banatuko dituzten espazioak eta azaltzeko urritik aurrera espero dutela funtzionatzea guztiz. "Urrian hasiko dira udal ikastaroak eta horiek hartuko dute toki gehiena. Asmoa da hilabete hauetan lana aurreratzea hori egikaritzeko", esan du alkateak.
Hortaz, tokiko erakundea lanean hasiko da lokalen erabilerarako araudia zehazteko, altzariak jartzeko eta instalazio guztiak prestatzeko.
Bisita gehiago
Joseba Vivancok erantsi du bisita gehiago antolatuko dituztela, herritar nagusienentzat bereziki. Baina, hori baino lehen, Iberdrolak instalazio elektriko guztia egin behar du, eta aireztatzeko sistemak eta igogailuak ere probatu behar dira.
Abenduan amaituta
Iazko abenduan bukatutzat jo zituzten lanak. Intxausti enpresak egindako obrak urtebete baino gehiago luzatu ziren. Proiektuaren exekuzioa 1.563.332 eurotan esleitu zen eta, azkenik, likidazioa 1.717.298 eurokoa izan zen, hau da, ia 154.000 euroko igoerarekin itxi zen. %3a hasierako proiektuan aurreikusi gabeko lanei dagozkie, eta gainerakoa obra-neurketen kostuaren igoerei.