Pintaketa arrazista bat agertu zen atzo Artziniegako zeharbidean, La Mora parkearen parean. Udalak sare sozialetan eman du gertakariaren berri, eta gogor gaitzetsi du ekintza.
Era berean, gisa honetako gertakari eta jarreren aurka borrokatzen jarraituko duela adierazi du tokiko erakundeak. "Gure udalerria herri irekia dela aldarrikatu nahi dugu, bertara bizitzera etorri eta gure komunitatean parte hartu nahi dutenei irekia; benetan soberan daudenak horrelako mezuen atzean daudenak dira, pintada baten bidez, ahozko iruzkinen bidez edo sare sozialetan", azaldu dute sareetan zabaldutako mezuan.
Atzo goizean bertan ezabatu zuten margoketa udal langileek.