Museo Bizia jardueraren edizio berria egingo dute Artziniega Museoan igande honetan 11:00etatik aurrera. Ordu laurdenero bisitari taldeak sartuko dira eraikinean eta antzinako hamaika ogibide ikusteko aukera izango dute.
Hain zuzen, gela bakoitzak ofizio bana hartuko du eta jardunean ari direnek azalduko dute nola egiten zen zeregin bakoitza. Joskinak, botikariak, zapatariak, dendariak, udal langileak, errementariak... lanbide anitzak egongo dira ikusgai.
Aurtengo bizibide berezia xaboigileena izango da. Hain zuzen, museoa harremanetan jarri da Gaude Mendiondo elkarteko kideekin, eta eurek azalduko dute nola egiten duten garbitzeko ezinbesteko produktu hori.
Aipatu beharra dago elkarteak aniztasun funtzionala duten lagunekin egiten duela lan. Artziniega Museoaren aburuz, taldea osatzen dutenek leku aproposa izango dute euren jarduna nolakoa den argitzeko.