Martxoaren 31ra arte izango dute aukera artziniegarrek iradokizunak egiteko konpainiako animalien babesa, ongizatea eta jabetza arduratsua arautuko duen ordenantzari. Horretarako mezua bidali beharra dago info@artziniegakoudala.eus helbide elektronikora.
Joseba Vivanco alkateak adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari interesa dutela ahalik eta lasterren araudia onartzeko. Izan ere, "eguneroko elkarbizitza talkak eta salaketak gertatzen dira herrian", udalburuaren hitzetan.
Ordenantzak eragingo die txakurrei, katuei eta, oro har, kontsumorako ez diren animaliei.
Parte hartze prozesua
Espainiako Kongresuak onartutako animalien ongizaterako legea betetzea derrigorrezkoa denez, udal guztiek egin behar dituzte beharrezko moldaketak. "EUDELek zirriborroa bidali die udalei eta bakoitzak egokitu behar du bere herrira. Beste leku batzuetan ez dute premia handirik, baina guk azkar egin nahi dugu, egunerokoan eragina duelako", aipatu du Vivancok.
Gauzak horrela, tokiko erakundeak bilera irekiak egin ditu gaia eztabaidatzeko eta horien ondorioz, zenbait herritarrek ekarpenak egin dituzte jadanik, idatziz.
Korapilo nagusiak: animalirik ez aisialdiko eremuetan
Legeak ezarri duen muga handia izango da animalirik ez dela onartuko aisialdirako esparruetan, hau da, kirolguneetan edota haur parkeetan. Horrek behar berriak sortu ditu jabeek eta maskotek espazioa izan dezaten eta Artziniegako Udala hasi da urratsak egiten hesituta egongo den gune bat sortzeko Barcenako kirolgunean.
"Eremu hesitu horretan egon ahal izango dira txakurrak, kirolgune osoan ezingo baitira egon", ohartarazi du alkateak.
Bestalde, hainbat herritarrek ere iradokizunak egin dituzte euren eguneroko arazoei dagokienez. "Asko kexu agertu dira gauez terraza edo lorategitan geratzen diren txakurrei buruz. Izan ere, zaunka egiten dute eta atsedenaldia zailtzen dute".
Alkatearen aburuz, kontu handiz kudeatu beharreko beste aldaketa bat izango da katuen koloniena. "Orain HiruA Animalien Babeserako elkartearekin egiten dugu lan eta ereduak funtzionatzen du. Boluntarioek hartzen dute euren gain lana eta Udalak gastuak (janaria, albaitaria...). Asmoa da moldaketak egitea eredu hori arriskuan jarri gabe", nabarmendu du Vivancok.