Ez dira Pariseko Olinpiar Jokoak, baina ziur garrantzi berdineko hitzordua izan dela mus-zale asko eta askorentzat, baita Aiaraldeko zenbait lagunentzat ere. Mus Olinpiada jokatu zen iragan apirilaren 11, 12 eta 13an, Segovian. Asesmus Elkarteak urtero antolatzen duen hitzordua da Mus Olinpiada, Espainiako Estatuko karta-jokoaren ekitaldi jendestuenetako bat. Bertan izan dira eskualdeko dozena bat mus-jokalari, Encina Arrazuria artziniegarrak zuzendutako taldean. Taldekako txapelketa da Mus Olinpiada. Aurtengo edizioak 81 talde elkartu ditu eta talde bakoitzean hamar jokalari, gutxienez. Orotara mila lagun baino gehiago batu dira Asesmus Elkartearen txapelketan.
“Tokian toki musaren arauak eta jokatzeko moduak desberdinak dira. Norberak azkenean bere jokatzeko-estiloari eustea da gakoa; ezin zara korapilatu Madrilgo bikote batek beste modu batean jolasten duela ikusten duzunean”
“Talde lana du ardatz Olinpadak, eta horretan aritu gara, taldea osatzen duten bikote guztien emaitzak dira garrantzistsuak”, azaldu dio Encina Arrazuriak Aiaraldea Komunikabideari, Segoviatik itzuli berritan. Pandemia aurretik sortu zuten Encina Lagunak taldea, 2019an, Artziniega, Amurrio eta Laudioko jokalariekin. Geroztik, urtero-urtero parte hartu dute Olinpiadan.
Taldekako lehia izanik “estrategia oso garrantzitsua” dela nabarmendu du artziniegarrak. “Koordinazio bikaina behar duzu zure bikotearekin, eta aurkariaren arabera taldeko bikote batek edo beste batek parte hartzen du”. Zonalde desberdinetako mus-jokalarien aurka aritzea zaila dela ere azpimarratu du Encina Arrazuriak: “Tokian toki musaren arauak eta jokatzeko moduak desberdinak dira. Norberak azkenean bere jokatzeko-estiloari eustea da gakoa; ezin zara korapilatu Madrilgo bikote batek beste modu batean jolasten duela ikusten duzunean”.
Arauak ere aldakorrak izan ohi dira tokian toki. Olinpiadan, esaterako, debekatuta zegoen imintzioka egitea, Encinak “zentzugabeko” jo duen araua.
Partida maratoia
Musean jokatzeari eskaini zioten asteburua, ia atsedenik gabe. “Ostiral iluntzean hasi eta igandera arte egon ginen jokatzen”. Otorduetarako atsedenaldiak kenduta kartak eskutan igaro zituzten egunak. Ostiralean goizaldeko 3:00rak arte luzatu ziren jokoan eta larunbatean bederatzi partida jokatu zituzten. Hiru partida galdu arte iraun zuen bikote bakoitzak lehian. Kanporatutako bikoteak, ordea, B txapelketa batera igarotzen dira, aiaraldearrek aukera izan zuten bertan ere sariren bat eta beste lortzeko, baina azkenean kale egin zuten. “Inoiz ez bezala jokatu genuen, betiko moduan galtzeko”, barre artean laburbildu du Arrazuriak eskualdeko jokalarien parte hartzea. Ez da damutzen “ederki” pasa zutela ziurtatu du eta.
Mus-jokalari amorratua izateaz gain, Asesmus Elkarteko delegatua ere bada, berari dagokio orain Espainiako Estatuko XIV. Master Nazionaleko hainbat partida antolatzea. Hurrengoa maiatzaren 17an, Arespalditzako udaletxean.