Ekainaren 14an hasiko da Artziniegako IX. kontzertu zikloa, Mendieta Kultura elkartearen eskutik

Erredakzioa 2025eko maiatzaren 12a

Gaurko aurkezpenaren argazkia. / Arabako Foru Aldundia

Musika klasikoko, antzinako musikako eta musika tradizionaleko sei kontzertu izango dira, eta uztailaren 11n amaituko dira Collegium Musicum Madrid-en emanaldiarekin.

Prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Ana Morales Arabako Foru Aldundiko Kultura Diputatuak eta Mendieta Kultura elkarteak. Izan ere, Artziniegako 9. kontzertu zikloa antolatu du talde horrek, eta sei proposamen eskainiko ditu ekainaren 14tik uztailaren 11ra.

Diputatuaren aburuz, musika bikaina entzuteko eta Arabako txoko politak ezagutzeko aukera emango du zikloak. Kontzertu bakoizeko sarreren prezioa 7 eurokoa izango da eta abonuarena, berriz, 35 eurokoa.

Mendieta Kultura elkarteak Artziniegan du egoitza, eta 2014an sortu zen Mendieta auzoko Santo Tomas eliza birgaitzeko eta  musikarako kultura zentro bat instalatzeko bertan.

Ondoren, udalerrian kalitatezko musika sustatzea proposatu zuen, eta musika klasikoaren, antzinakoaren eta tradizionalaren kontzertu zikloa antolatzen du aldiro-aldiro 2017az geroztik. Yolanda Quincoces elkarteko kideak ere hartu du hitza prentsaurrean eta azaldu du euren jardueraren hiru ardatzak direla berritasuna, aniztasuna eta inklusibitatea, musika klasikoaren kontzeptua bera gainditzeko.

Izan ere, Quincocesek argitu duenez, Erdi Aroko musika eta garaikidea uztartzen dituzte, emakume konpositoreen ondarea berreskuratuta. "Izan ere, elkarteko kide gehienak emakumezkoak dira", nabarmendu du.

2025ean, Mendieta Kultura bere kontzertu zikloaren IX. ediziora iritsiko da, eta sei kontzertuz gozatu ahal izango da, lehena ekainaren 14an, Ama Agustindarren Komentuko patioan, eta hurrengo bostak Arteko Andra Mari Santutegian. Moralesek goraipatu du bi tokien ikusgarritasuna eta sinbolismoa.

Emanaldi bakoitzerako sarrerek 7 euroko prezioa dute eta 35 euroko bonoak www.mendietakultura.com webgunearen bidez erosi ahal izango dira, bai eta kontzertuaren egun berean ere, lekuan bertan.

Emanaldien ordutegia 20:00etan izango da, uztailaren 6ko kontzerturako izan ezik, 13:00etan egingo baita, 'matinéa' egingo baitute.

Kontzertuak honako hauek izango dira:

  • Ekainaren 14a: Claudia Besne. Harpa errezitaldia. Emakumearen musika ondarea ospatuz. Besne 1997an jaio zen eta aitortza ugari jaso ditu. Austria eta Suediako orkestrekin lan egiten du, besteak beste. Errezitaldiarekin goraipatuko du Emakumearen Nazioarteko Urtea, 1975ean ospatu zena. XIX., XX. eta XXI. mendeko zenbait emakume konpositoreren lanak joko ditu. 
  • Ekainaren 20a: Magna Boskotea. Moldatzaile handiei omenaldia. Gasteizko taldeak hainbat jaialditan jo du, Euskal Herrian bereziki.
  • Ekainaren 28a: Concerto 1700. Back to Follia! Talde honek XVII. eta XVIII. mendeetako lan hispanoak berreskuratu ditu.
  • Uztailaren 4a: Juan Laboreria & Carmen Santamaria. Abesti errezitaldia. Kamarako musika erakustaldia izango da. Laboreríak hainbat orkestra eta operatan abestu du eta Santamariak nazioarteko lanak ere egin ditu.
  • Uztailaren 6a: Misaki Pascual. Piano fantasia. Pascualek 20 sari baino gehiago ditu eta nazioarteko proiekzio handia dauka. 
  • Uztailaren 11: Collegium Musicum Madrid. María Espada & Manuel Minguillon. Il piano della Madonna. Maria Espadak nazioarteko areto garrantzitsuenetan jo du Berlinen, Austrian edota Madrilen eta Minguillon ere Australian edota Estatu Batuetan ere aritu da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide