Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Hurrengo eleberriren batean, Artziniegara bueltatuko naiz, ziur”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko maiatzaren 26a

Artziniega eleberriko protagonista bat gehiago dela azpimarratu du Haizea Lopez idazleak. / Aiaraldea.eus

HAIZEA LOPEZek (Getxo, 1992) Artziniegan girotutako Pacto de Silencio eleberria argitaratu berri du. Herriarekiko duen lotura estua misterioz beteriko istorioan islatu du idazle gazteak.

Pacto de Silencio, Artziniegan gertatzen den misterioz beteriko eleberria. Zein da tramaren abiapuntua?

Ane Ortiz hilda aurkitzen dute Artziniegako urtegian; une berean Ainhoa kazetariak Bilbo utzi eta herrira bueltatzen da, Artekale kaleko 17. zenbakira. Bere borondatearen kontra bueltatzen da Ainhoa Artziniegara, amaren etxera.

Herrian ez da inoiz ezer gertatzen eta herritarrek uste dute istripua izan dela Aneren heriotza, ez ordea Ainhoak. 15 urteko neska batek galdu du bizia, Ainhoak ez du uste, gizonkote garrantzitsuren bat izan balitz hilotza, kasua hain azkar itxiko zutenik. Gaiari lotutako artikuluak idazten hasiko da kazetaria, bai eta Jon Ortiz biktimaren nebarekin batera kasua euren kasara ikertzen ere. Ikerketak aurrera egin ahala, udaletxe zaharreko horma-irudiko aurpegiak ezabatuta agertuko dira, eta desagerpenak gertatuko dira herrian.

Modu paraleloan, Andoni Arrazuria Ertzaintzako komisarioak, gainerako agenteen iritziaren kontra, Aneren heriotzaren ikerketaren haritik tiraka jarraituko du. Une horretan bi lerroek bat egingo dute eta…

Imajinatzen dut ezin diguzula gehiago aurreratu.

Ez, honaino.

Zer osagaiek osatzen dute eleberria?

Ainhoa, Jon eta komisarioa dira protagonista nagusiak. Baina hirukote horrekin batera esango nuke Artziniega bera, udaletxe zaharreko horma-irudia erdigune hartuta, badela istorioko beste protagonistetako bat. Udaletxeko horma-irudia giltzarria da eleberrian.

Itziar pertsonaia ere aipatuko nuke berebiziko bezala. Genero indarkeriari biziraun dion emakumea da Itziar. Eleberrian mota askotako indarkeriak ageri dira, batez ere emakumeek urte luzez pairatu duten indarkeria. Saiatu naiz etxe barruko indarkeria hori ahalik eta modurik intimoenean lantzen. Horretarako Ainhoa protagonistaren oroitzapenak baliatzen ditut nagusiki. Aitaren ausentziari eta iraganeko mamuei aurre egin beharko die protagonistak Artziniegara bueltatzean. Genero indarkeriaren biktima isilaraziak dira haurrak. Urteetan garatutako traumek mesfidantza eta samina sortzen dute, eta horiek dira Ainhoaren ezaugarriak.

Misterioaz gain, kritika soziala ere lantzen da eleberrian beraz.

Gai gehiago lantzen saiatu naiz bai. Ez nuen polizia ikerketa odoltsu bati buruzko thriller soil bat egin nahi, liburua sakonagoa egingo zuten gaietan murgildu nahi nuen ere.

Artziniega eleberriko protagonista bat gehiago dela aipatu duzu. Imaginatzen dut ez dela ausazko erabakia. Zergatik Artziniega?

Hija de la lluvia argitaratu nuen 2023an, Artziniegan girotutako nire lehenengo eleberria. Orain eserita gauden terraza bertsuan eserita egoteagatik ezagutzen nuen herria. Lagunekin bidaiatzen askotan geratzen ginen hemen, atseden txiki bat hartu eta errepidean aurrera egiten jarraitzeko. Beti txunditu nau zeinen herri polita den. Erdi Aroan iltzatutako hiribildua dirudi, oso polit kontserbatu eta zaindu dute. Beharra sentitzen nuen eleberri bat bertan girotzeko. Hija de la lluvia izan zen eleberri hori, baina ez nuen gehiegi sakondu girotze horretan. Liburua aurkeztera etorri nintzenean izan nuen aukera Artziniega benetan ezagutzeko, herria eta bertako jendea: Encina, alkatea, Uxue liburuzaina…  Horrela iritsi nintzen udaletxe zaharreko horma-irudira. Muraleko jende hori nor ote zen galdetu nion nire buruari; txundituta geratu nintzen herriko bizilagunak zirela esan zidatenean! Argazkia atera nion eta segituan etorri zitzaidan idatzi nahi nuen istorioa burura. Idaztera jarri nintzen eta segituan atera zitzaidan.

Sorkuntza prozesu azkarra izan da beraz.

Bai. Prozesu horretan Encina Arrazuriaren laguntza nekaezina izan dut nire alde. Artziniega ahalik eta modurik fidelenean nahi nuen islatu. Kalez kale eraman ninduen, detaile txikienei arreta eskainiz. Ainhoa eta Itziar protagonistentzako etxe ideala bilatu behar genuen, eta Artekale kaleko 17. zenbakian topatu genuen hori; horrela jaso dut liburuan ere. Etxe eta helbide erreala, Artziniegako erdigunean.

Ahalik eta zehatzena izaten saiatu naiz. Udaletxeko horma-irudiari erreferentzia egiteko, adibidez, beti erabiltzen nuen arkupe edo atari hitza. Encinak esan zidan Artziniegan inork ez zuela hitz hori erabiltzen, hemen hastial deitzen dituztela. Editorea behin eta berriz esan zidan hitza aldatzeko, oso erredundantea zelakoan. Ni hitza mantentzen tematu naiz, Artziniegari keinu zuzena da eta.

Zalaparta handia sortu da herrian, zure liburuaren aurkezpena iragartzen duten kartelengatik.

Oso ondo funtzionatu du (barreak). Ez nuen aurkezpenera liburu-markagailu bat edo eskuorri sinple bat eraman nahi. Okurritu zitzaidan Ainhoa Ortizen desagerpenaren kartela baliatzea jendea liburuaren sinadura ekitaldira erakartzeko. Hasierako bertsioa askoz deigarriagoa zen: Ertzaintzaren logoa zeukan… Oso gordina zen. Moldatu genuen, baina oraindik ere desagerpena benetakoa izan dela uste duen jendea dago. Mesedez irakur ditzagun testuak hasieratik bukaeraraino (barreak). Efektiboa izan da, zalantza gabe.

Artziniegan eleberriak zeresana sortu duela agerikoa da. Zer nolako harrera jaso duzu?

Izugarria izaten ari da. Lehen edizioa guztiz saldu dut, eta bigarrena bidean dago. Kritika eta oro har nire ibilbidea jarraitu duten kazetari gehienak bat datoz honako hau nire obra onenetarikoa dela esateko orduan. 

Artziniegako bizilagunen aldetik berotasun izugarria jaso dut. Aurreko eleberriaren [Hija de la lluvia] aurkezpena zoragarria izan zen, jendetza bertaratu zen, eta azken hau ez da gutxiagorako izan.

Harrera bero hau ikusita, penstau duzu Artziniegan jasotako istorio gehiago idaztea?

Urte luzez pseudonimoarekin idazten egon eta gero, Los Crimenes de Getxo seriearekin ekin nion nire izen eta abizenarekin argitaratzeari. Jendaurrean agertzeko beharrezkoa sentitzen nuen ondo ezagutzen nuen inguru bati buruz idaztea, eta Getxo nire etxea da. Artziniegari lotutako azken bi eleberri hauen ostean, herri hau ere oso gertuko sentitzen dut, hau ere bada nire etxea.

Liburu bakarra da Pacto de Silencio, ez du ez prekuelarik ez sekuelarik izango, baina ziur nago Artziniegara bueltatuko naizela. Eleberriko protagonistetako bat den Arrazuria inspektorea erretiroa hartzeari uko egin dion inspektore burugogorra da. Jakin badakit nire hurrengo eleberriren bateko protagonista izango dela berriro ere. 

Andoni Arrazuria inspektorearen pertsonaia bada Artziniegari egindako keinua ere.

Bai bada, Artziniegari omenaldia da, baina batez ere Encina Arrazuriari egindako aitortza da. Berari eskainia dago eleberria. Beso zabalik jaso nau eta bere laguntza ezinbestekoa izan da.

Urte luzez pseudonimoarekin idatzi duzula aipatu duzu.

12 urterekin idatzi nuen nire lehenengo eleberri luzea. Argitaratu nuen lehenengo eleberria 16 urterekin idatzi nuen; Marisol nire irakasleari erakutsi nion zuzendu zezan eta nahitaez testua argitaratu behar nuela esan zidan. Dozenaka argitaletxetara bidali nuen, guztiek esan zidaten ez zituztela hain pertsona gazteen eleberriak argitaratzen. Nire adina ezabatu eta, orduan bai, publikatu nuen nire lehenengo eleberria.

Lehiaketetan eta antologietan parte hartzeari ekin nion. Lau eleberri eta beste hainbeste antologiatan parte hartu ostean, ohartu nintzen zeinen zaila zen literaturatik bizitzea, eta hori zen, hain zuzen ere, nik nahi nuena.

Madrilgo liburu azoka batean agente literario batek pseudonimo maskulino eta nazioarteko bat bilatzea gomendatu zidan, bai eta boladan zegoen genero literario bati heltzea. Horrela hasi nintzen 2016an Christian Martins ezizenarekin publikatzen. Tristea da aitortzea, baina gizonezkoek beti izan dituzte erraztasun handiagoak liburuak argitaratzeko orduan. 

Christians Martins gisa publikatutako lehen eleberri hori best seller digitala bilakatu zen, orduan erabaki nuen idaztera dedikatuko nintzela ehuneko ehunean.

Lau urtez egon nintzen gizonezko baten izenarekin gauzak publikatzen. Itzalpean egotea bezalakoa zen, sekretupean nuen nire idazle langintza. 2020an nire alaba jaio zenean erabaki nuen ez nuela gehiago gizon baten maskararen atzean ezkutatu nahi. Gogorra izan zen jendaurrean agertzea, baina harro nago emandako pausuaz. Orain Haizea Lopez liburuen azalean agertzen da.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide