Artziniegako EAJko udal taldeak oharra zabaldu du salatzeko tokiko erakundearen igerilekuak ez direla asteburu honetan irekiko, baizik eta hurrengoan. Alegia, jeltzaleek ekaineko udalbatzan galdetu zuten horri buruz eta "Joseba Vivanco alkateak berak aitortu zuen kudeaketarako pleguak bi aldiz gaizki idatzi direla, eta hirugarrenean bakarrik egin zirela, idazkari-kontu-hartzaileak gainbegiratuta".
Encina Castresana bozeramaile jeltzalearentzat, atzerapena EH Bilduren aurreikuspen falta eta kudeaketa eskasaren ondorioa da: "Alkateak mea culpa abestu zuen, baina kaltetuak beti berdinak dira: gure bizilagunak. Aurreikuspen falta ez da berria, eta eskandalagarria da 2025ean duela lau urte eraberritutako igerileku batzuetan arazoak izatea", adierazi du Castresanak.
Igerilekuei dagokienez, EAJk aipatu du 2019an, jeltzaleen kudeaketapean, 160.662,81 euroko laguntza lortu zela Foru Planetik igerilekuen erreformari ekiteko, 364.000 eurotik gorako proiektu batekin eta bost hilabeteko egikaritze-epearekin. Hala ere, obrak luzatu egin ziren eta instalazioak ezin izan ziren ireki 2020 osoan. 2021eko ekainean berriro ireki zituzten, baina uztailean haurrentzako igerilekua itxi behar izan zuten bakterio bat detektatu zutelako eta egiturazko beste gabezia batzuk zeudelako. 2022an atzeratu egin zen konponketa berriengatik, eta 2023an eta 2024an konponketak egiten jarraitu zen.
Alkatearen erantzuna
Aiaraldea Komunikabidea Joseba Vivanco alkatearekin jarri da harremanetan eta udalburuak argitu du erakundeak, bere sare sozialen bidez, dokumentazioan egindako akatsen berri eman zuela; lehenik, enpresenak, eta, ondoren, Udalarenak, lizitazio-proposamen berriak izapidetzean.
"Horren ondorioz, igerilekuen kudeaketaren eta mantentze-lanen esleipena atzeratu egin da. Izan ere, alkate gisa, azken Osoko Bilkuran azaldu nuen, barkamena eskatu nuen eta akatsa nire gain hartu nuen. Gauzak ondo ateratzen ez direnean, erantzukizuna hartu behar dela uste dut. Kasu honetan, igerilekuak astebete geroago irekitzea", onartu du Vivancok.
"Osoko Bilkuran esan nuen bezala, hemen egunero ikasten dugu, huts egiten dugu, eta gauzak hobeto egiteko ikasten dugu. Eraztunak ez zaizkigu erortzen akatsak antzematen ditugunean. Onena da huts egiten duguna baino askoz gehiagotan asmatzen dugula, eta horregatik jendearen konfiantza izaten jarraitzen dugula", ziurtatu du alkateak.
Bestalde, jeltzaleen kritikei dagokienez, Joseba Vivanco modu ironikoan hitz egin du: "Barregarria da EAJk aipatzea jeltzaleen zuzendaritzapean kudeatu zela igerileku berrien obra; agian galdetu beharko lukete zergatik sortzen dituen arazoak urtero beraiek agintean zeudenean erabakitako igerileku ereduak".