Aurtengo La Karpyn zure liburua aurkeztuko duzu. Nola sortu da aukera hori?
Anaiak eta biok urte batzuk daramatzagu La Karpyn parte hartzen eta probaren antolatzailea den Alvaro Iturrasperekin adiskidetu gara. Asteburu osoan Artziniegan izango diren ekitaldien parte bezala proposatu zidan aurkezpena egitea.
Ez dakienarentzat, La Karpy txirrindularitza ibilbide klasikoa da, non bizikleta eta arropa 1987a baino lehenagokoak izan behar diren, eta nire eleberria data hori baino urte batzuk lehenago girotuta dago. Beraz, gaia oso egokia da han aurkezteko.
Politika eta txirrindularitza batu dituzu zure liburuan. Aipatuko diguzu apur bat zeri buruzkoa den liburua?
Vencer en tierra de espías izenburuak nobelaren gaia zein izan daitekeen iradokitzen digu. Gerra Hotzaren garaiko fikziozko istorio klasikoa da (espioiak, traidoreak, KGB, Berlingo Harresia...), baina berezitasun bat badu: benetako kirol-istorio batean girotuta dago, gure aitak 1975ean bizi izan zuena, Espainiako txirrindularitzako selekzioarekin Alemaniako Errepublika Demokratikora, Txekoslovakiara eta Poloniara "Bakearen Lasterketa" mitikoan lehiatzera joan zenean, "Herrialde Komunistetako kirol-probarik onena" bezala ezagutzen zena.
"Komunista" hitza entzuteak, ezinbestean, politikan pentsarazten digu, baina nere ustez, politika baino gehiago, XX. mendeko historia da. Nire helburua ez da izan sistema politiko bat edo beste epaitzea edo goraipatzea: gertaera historikoak modu objektiboan kontatzen saiatu naiz, besterik gabe, eta lortu dudala uste dut.
"Benetako kirol-istorio batean girotuta dago, gure aitak 1975ean bizi izan zuena, Espainiako txirrindularitzako selekzioarekin Alemaniako Errepublika Demokratikora, Txekoslovakiara eta Poloniara 'Bakearen Lasterketa' mitikoan lehiatzera joan zenean"
Zure aitaren inguruan ikertzeak eraman zaitu eleberria idaztera. Azalduko diguzu nolakoa izan den?
Hori da. Gure aitak argazki bakarra ekarri zuen "Bakearen Lasterketa"-tik, gure etxeko egongelan koadro batean egon dena betidanik. Berak esaten zigun oso lehiaketa garrantzitsua zela, eta pentsatu nuen, egia izanez gero, Alemanian, Txekiar Errepublikan eta Polonian informazio asko egongo zela horri buruz, eta horrela hasi nintzen. Hasiera batean, nire helburu bakarra zen gure aitak "Bakearen Lasterketan" izan zuen parte-hartzeari buruzko materiala lortzea (argazkiak, bideoak, egunkariak, aldizkariak...), etapa garaipen historikoa lortu baitzuen.
Espainian, Francok gobernatzen zuen garai hartan eta egoera politikoa zela eta, garaipen horrek oso eragin txikia izan zuen garaiko hedabideetan: gogoratu behar da Francok komunistak gorroto zituela.
Interneten 15 bat urte ikertzen eman ondoren, hamarnaka email eta buelta asko eman ondoren, gaur egun material asko daukagu. Konturatu nintzen aitak esaten ziguna egia zela eta oso lehiaketa garrantzitsua zela, batez ere, testuinguru historikoagatik, bitan banatutako mundu batean: komunismoa eta kapitalismo aurrez aurre. Informazio guztiarekin zerbait egin behar zela pentsatu nuen, eta liburu bat idaztea erabaki nuen.
Zergatik hautatu zenuen bide hori (espioiak, Gerra Hotza...) informazio hori zabaltzeko?
Esan bezala, material mordoa lortu nuen, baina ez zen kirol-informazioa bakarrik: "Bakearen Lasterketa" beti egon zen lotuta Gerra Hotzera. Izan ere, hiru herrialde komunistetako gobernuetako egunkariek antolatzen zuten, non propaganda, ideologia hobea izatearen sinesmena, etsaiarekiko gorrotoa, espioiak, inteligentzia agentziak... zeuden, eta Gerra Hotzaren elementu horiek guztiak presente zeuden.
Horrekin batera, nire beste pasioetako bat Gerra Hotzeko literatura da (John le Carreren oso zalea naiz), eta pentsatu nuen harrigarria izango zela benetazko kirol-istorio hori espioitza munduko fikzio klasikoko istorio batekin nahastea. Orain, denboraren ikuspegitik, uste dut ez nintzela oker ibili, eleberria arrakasta handia izaten ari baita.
Aiaraldeari buruzko pasarteak ere badaude testuan. Zergatik erabaki zenuen txertatzea?
Pasarte bat baino gehiago, Aiaraldeari egindako keinu txiki bat da. Eleberria ez da soilik Ekialdeko Alemania (RDA), Txekoslovakia eta Poloniatik igarotzen: kapitulu batzuk daude Sobietar Batasunean, Espainian, Frantzian, Kuban..., baita Euskal Herrian ere (Bilbo, Donostia, Donibane Lohitzune, Lazkao, Legazpi...), eta protagonista batek egindako tren bidaian, Miranda de Ebrotik Bilbora, Aiaraldeatik pasatzean, liluratuta geratzen da Gorobel mendilerroaren, "Fraidearen tontorraren" eta Urduñako amabirjinaren ikuspegiekin. Aiaraldeari egindako omenaldi txiki honen arrazoia nire emaztea Amurriokoa dela da, bere familia osoa bertakoa da eta asko gustatzen zaigu bisitan joatea. Nola ez...