Collegium Musicum Madrid taldeak eskainiko du gaur Artziniegako IX. Kontzertu Zikloko azken emanaldia. Manuel Minguillon musikariak eta Maria Espada sopranoak osatzen dute proiektua eta Il pianto della Madonna lana joko dute, XVII. mendeko konpositore sakro italiarren abestiekin. Horrela, Claudio Monteverdi, Giovanni Felice Sances, Alessandro Grandi edota Tarquinio Merula egileen sorkuntzak entzun ahalko dira.
Hitzordua 20:00etan izango da Arteko Gure Amako Santutegian eta sarrerak zazpi euro balioko du.
Bi musikariak ezagunak dira nazioartean. Maria Espadas, adibidez, atzerriko orkestra ugarirekin aritu da: Royal Concertgebouw Orchestra, BBC Philharmonic Orchestra, Munich Philharmonic Orchestra, Netherlands Radio Chamber Philharmonic, Hungariako Irratiko Orkestra, Il Giardino Armonico, Venice Baroque Orchester, Orchestra of the 18th century, Les Talens Lyriques, I Barocchisti, La Cetra, L’Orfeo Barockorchester, “Al Ayre Español" Helsinki Baroque Orchestra...
Mendieta Kultura Elkarteak antolatu du aurtengo egitasmoa berriro eta, aurreko edizioetan egin bezala, genero berdintasuna eta musika aniztasuna baliatu dituzte egitaraua prestatzeko.
Mendietaren helburua da musika mota anitzak zabaltzea, musikariei bide profesionala egiteko tartea eskaintzea kontratazio bidez eta herriko ondare kultural, natural eta historikoa babestea, ezagutarazita.