Irailaren 20an egingo dute Artziniegako Antzinako Azokaren XXVI. edizioa. Oraindik ez dute egitaraua guztiz itxita, baina gauza ugari lotu dituzte dagoeneko. Kale animazioa, magia ikuskizuna, errementaritza erakustaldia, juglareak, haurrentzako jolasak edota artisauen azoka egongo dira, besteak beste.
Baina azokaren osagai nagusia “bizilagunen zein bisitarien “ konplizitatea izango da, antolatzaileek nabarmendu dutenez. “Erronka handia da pertsonak animatzea garai horretan girotuta jantzi daitezen, antzinako azokako esperientzia erabat murgilgarria izan dadin”, azaldu dute. Gauzak hala, pertsona guztiak animatu nahi izan dituzte Erdi Aroko giroaren parte izatera, “okasiorako jantziz”. Izan ere, hori gabe azokak “ez du zentzurik izango” eta “beste azoka bat” baino ez da izango.
Bizilagunen artean antolatutako ekimena
1998. urtean egin zen azokaren lehen edizioa, Artziniega Museoren eskutik. Ordutik hona gorabehera ugari bizi zian ditu ekimenak, antolatzearen ardura esku batzuetatik besteetara pasa delako. Museoak antolatu zituen lehen hiru edizioak. Artziniega Museoak antolatu zuen lehenbiziko hiru urteetan. Ondoren, Bolaretxe kuadrillak hartu zuen ardura, Udala eta ostalari talde bat ere aritu izan dira antolaketa lanetan, garai ezberdinetan.
2022an hausnarketa prozesua abiatu zuen tokiko erakundeak, ekimenaren ereduaren inguruan hausnartzeko, eta modu horretan adostu zuten antolaketa eredu berria.
Gaur egun bizilagun talde bat aritzen da azoka prestatzen. Zehaztu dutenez, astero biltzen dira zenbait hilabetetan zehar, “azokako postuak bilatu, aukeratu, koordinatu eta kokatzeko”. Estandarteak, zakuzko oihalak eta lasto-zamak ere prestatzen dituzte, Alde Zaharreko hiru kaleak girotzeko. Bukatzeko, hainbat zerbitzu azpikontratatzen dituzte, ikuskizunak, Babes Zibila edo garbiketa kasu. “Gure gaitasun eta aukeren arabera banatzen ditugu egitekoak”, azaldu dute.
Hau izango da aurtengo edizioko kartela:
