Paper eta kartoi bilketa zerbitzua egiten duen enpresaren kontratua bertan behera utziko du Arabako Foru Aldundiak

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 16a

Kartoi eta paper pilatua Artziniegan. / Artziniegako Udala

Aldundiak zabaldu duen informazioaren arabera, Daorje enpresak zerbitzua emateari utziko dio eta Garbialdik egingo du bere ordez.

Arabako Foru Aldundiak gaur bertan zabaldu du bertan behera utziko duela Daorje enpresarekin duen kontratua, paper eta kartoi bilketa egiteari utz diezaion. Foru erakundeak berak argitu du konpainia horren eta Garbialdiren arteko akordioa dagoela, azken horrek bete ditzan ardurak.

Aldundiak aipatu du hurrengo asteetan gauzatuko dutela aldaketa eta horrek zerbitzuaren kudeaketari atxikitako baldintza teknikoak betetzea ekarriko duela. "Papera eta kartoia behar bezala jasotzeaz gain, baliabide material berriak jarri beharko dituzte eskura, hau da, edukiontziak eta kamioiak", adierazi dute.

Zigorrak eta fakturak

Halaber, foru erakundeak erantsi du hainbat zigor espediente ireki dizkiotela Daojeri eta fakturak erregularizatu behar izan dituztela, ez zelako zerbitzua eman.

Zerbitzuaren arazoaren iturburua lan baldintzak izan dira. Hain zuzen, langileak denbora luzez egon dira egunero hamar orduko lanaldiak egiten eginkizun guztiak betetzeko, baina iaz erabaki zuten zortzi ordu baino gehiago ez egitea eta Daorjeri exijitu zioten jende gehiago kontratatzea.

Foru erakundeak erantsi du hainbat zigor espediente ireki dizkiotela Daojeri eta fakturak erregularizatu behar izan dituztela, ez zelako zerbitzua eman.

Kuadrillei eta Udalei eskerrak

Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak eskerrak eman dizkie Kuadrillei eta Udalei, "hilabete hauetan emandako laguntzagatik, funtsezkoa izan baita papera eta kartoia biltzeko gutxieneko zerbitzuei eusteko".

Artziniegako Udala, bereziki haserre

Artziniegako Udala nekatuta eta nazkatuta dago paper eta kartoi bilketa zerbitzuak eragiten dituen gatazkekin. Izan ere, Joseba Vivanco alkateak azaldu duenez, "hondakinak jaso gabe geratzen dira eta horrek herritarren kexak sortzen ditu, naturala denez, zergak ordaintzen baitituzte".

Vivancok aipatu du arazoa bereziki larria dela zenbait urbanizaziotan, zeintzuek kartoi eta paper hondakin kopurua handia sortzen duten: "Teorian ostegunero biltzen dira papera eta kartoia, baina ez da beti gertatzen. Batzutan udalok eta Aiarako Kuadrillak esku hartzen dugu arazoa arintzeko, baina hori ez da konponbidea, ezin diogu lana egin enpresari".

Langileak denbora luzez egon dira egunero hamar orduko lanaldiak egiten eginkizun guztiak betetzeko, baina iaz erabaki zuten zortzi ordu baino gehiago ez egitea eta Daorjeri exijitu zioten jende gehiago kontratatzea.

Aiaraldeko Kuadrilla osoan

Artziniegako alkateak azpimarratu du bere herriko egoera ez dela apartekoa eta Araba zein eskualdeko udalerri arabar guztietan gertatzen dela. "Luiaondon edota Amurrion ere egoera antzekoa da", esan du ordezkariak. 

Bide batez, Vivancok gogoratu du Europar irizpideak betetzeko udal guztiek onartu behar izan dutela hondakinen bilketaren zerbitzuko zergen garestitzea, ezin baitira defizitarioak izan. Ondorioz, zerbitzu eskasak eskaintzeak hainbat herritar haserretu ditu, alkatearen esanetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide