Artziniegako Udalak udalerrian hiru obra egiteko dirulaguntzak eskatuko ditu 2026-2027ko Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren barruan. Saratxaguren kalean, Gernika etorbidean eta Geltoki plazaren inguruetan eta Campijon egin nahi ditu tokiko erakundeak lanak.
Hain zuzen ere, Saratxaguren kalea eraberritu eta urbanizatzeko eskaera egin dute, 819.618,33 euroko aurrekontuarekin. Lanen ostean, Arenaza auzotik Geltoki plazaraino noranzko bakarreko erreia egongo lirateke, espaloiekin alde banatan.
Bigarren proiektua Gernika etorbidean eta Geltoki plazatik Lalastra zubirako inguruan ur-banaketaren sarea berritzea da. Izan ere, ihesak izan dituzte ur-hoditerian. 313.578,24 euroko aurrekontua aurreikusi dute honetarako.
Campijon ere abiatu nahi dituzte ur-banaketaren sarea berritzeko lanak, kasu honetan, 322.484,84 euroko aurrekontuarekin.
Datorren urteko udaberrian egingo du Aldundiak Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren barruan Arabako herriek bi urtean behin egiten dituzten eskaeren ebazpena, eta orduan jakingo dute zenbateko kopuruarekin lagunduko duen proiektu bakoitza.
Onartuak izatekotan, lanak 2027an hasiko dira, behin betiko proiektuak idatzi eta obrak esleitu ostean.
Aipatutako deialdiaz gain, 2026an gauzatzeko Obra Txikietarako laguntzen urteko deialdian, Udalak dirulaguntza eskatu du hilerriko horma-hobien blokeetako baten estalkia konpontzeko, 35.000 euroko aurrekontuarekin.