Etxebizitza Aiaraldean

Etxebizitzak birgaitu eta alokairu soziala sustatzeko dirulaguntzak eskatzea proposatu dio Artziniegako EAJk Udalari

Aitor Aspuru Saez 2025eko uztailaren 30a

EAJko udal taldeko kideak. / EAJ

Araba(n) Bizi Bedi programako dirulaguntzak eskatzea plateatu dute jeltzaleek. Arabako Foru Aldundiak onartutako programa horrek dirulaguntzak eskaintzen dizkie Udalei eta etxebizitzen erosketa ahalbidetzen dute, gero alokairu sozialera bideratzeko.

Artziniegako EAJk udal gobernu taldeari proposatu dio Araba(n) Bizi Bedi programako dirulaguntzak eskatzea. Arabako Foru Aldundiko egitasmoak udalei bideratutako "hiru dirulaguntza ildo jasotzen ditu, etxebizitzak erosiz edo zaharberrituz alokairu sozial, gazte eta babestua sustatzeko", aipatu dute jeltzaleek.

Zehazki, oposizioko taldeak uste du Artziniegako Udalak hiru ildoen deialdian parte hartu behar duela; etxebizitzak erosteko alokairu sozial edo babestura bideratzeko, etxebizitza hutsak birgaitzeko gazteek alokairu eskuragarria izan dezaten, eta alokairu sozial edo babestuan erabiltzeko etxebizitzak birgaitzeko, bitartekaritza publikoarekin.

"Artziniegako bi arazo larrienetan esku hartzeko aukera argia da: gure gazteentzat etxebizitzarik ez egotea, eta gutxi erabilitako etxebizitza-parkea egotea, batez ere alde zaharrean", azpimarratu du Encina Castresana jeltzaleen bozeramaileak.

EAJren aburuz, eskaerak bitarteko publikoak erakarri ditzake, Artziniega despopulazio-arrisku handia duten udalerrien zerrendan sartuta dagoelako, eta horrek esan nahi du eman beharreko dirulaguntza %10eraino igo daitekeela oinarrizko ehunekoen gainean, %65 eta %75 bitartekoak baitira lerroaren arabera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide