Artziniegako igerilekua itxi behar izan dute, gaur gauean eragindako kalte larrien ondorioz

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abuztuaren 11

Hainbat kalte eragin dituzte igerilekuetan. / EAJ

Ezezagun talde batek kalte larriak eragin ditu bart Artziniegako udal igerilekuetan. Azpiegitura bi egunez egongo da itxita, egoera lehengoratu arte.

48 orduz egongo da itxita, gutxienez, Artziniegako udal igerilekuetako igerileku handia. Izan ere, bart gauean, ezezagun talde bat azpiegitura publikoetan sartu da eta kalte larriak eragin ditu bertan. Artziniegako Udalak Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dionez igerilekuko material ugari hondatu eta uretara jaurti dute.

Egoera konpontzeko lanetan da orain tokiko gobernua. Joseba Vivanco alkateak azaldu duenez bi egun beharko dituzte igerilekua berriro ere funtzionamenduan jartzeko. Udaletik gogor gaitzetsi dituzte "udalerriari ahalik eta kalterik txarrena eragitea baino bilatzen ez duten jokabideak".

Segurtasun-kameren instalazioa eskatu du EAJk

Artziniegako EAJk ere kezka adierazi du gertatutakoaren aurrean. "Gertatutakoak biziki kezkatzen gaitu. Eraso arduragabeak uraren kalitatea arriskuan jartzeaz gain, ehunka herritar bero boladan igerilekuez gozatu ezinik utz ditzake", adierazi du Encina Castresana jeltzaleak.

Egoera hauek saihesteko prebentzio-sistemen beharra azpimarratu du oposizioko alderdiak, eta gogorarazi du kiroldegian, eskolan eta igerilekuetan segurtasun-kamerak jartzea eskatu zuela bere garaian. "Kamera horiek instalatuta egongo balira, agian gaur errudunen atxiloketaz hitz egingo genuke, eta ez instalazioen aldi baterako itxieraz", azpimarratu du Castresanak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide