Artziniegako Mugimendu Feministak salatu du aurreko asteburuko ospakizunetan eraso matxista ugari gertatu zirela

Aitor Aspuru Saez 2025eko irailaren 13a

Atzoko agerraldiaren irudia. / M. I.

Atzo egindako agerraldi publikoan adingabeei egindako iruzkin matxistei eta emakume helduek pairatutako ukituei dagokien garrantzia eman nahi izan zieten.

Atzo Artziniegako Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen gauean, pasa den asteburuan gertatutakoa salatzeko. Izan ere, ostiral eta larunbateko gauetan hainbat eraso jazo ziren: adingabeei egindako iruzkin matxista eta lizunak eta emakume helduei eginiko ukituak.

Herriko talde feministak jakinarazi dio Aiaraldea Komunikabideari, berez, soilik kasu bat salatu zela ofizialki Puntu Morean, baina azpimarratu nahi izan dute hainbat kasuren berri izan zutela. Horren aurrean, Mugimendu Feministak nabarmendu nahi izan du emakume ugarik bizitako erasoei ez zaiela garrantzia kendu behar eta dagokion moduan salatu behar direla. Izan ere, aurten jarri da, lehenengo aldiz, Puntu Morea jai eremuan.

Agerraldian gaineratu zuten eraso matxistek eta jarrera arrazistek ez dutela lekurik jaietan. 

Hona hemen atzo irakurritako testua:

"Aurreko asteburuan zenbait eraso matxista eman ziren. Artziniegako talde feministatik gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu gertakari hauen aurrean.

Baimenik gabeko begiradak, komentarioak eta keinuak, agresio fisikoak ahaztu gabe, indarkeri matxista dira.  Jaiak lasaitasunez eta bildur gabe gozatzeko eskubidea daukagu. 

Jokabide hauek ez dira 'txantxak' edo 'tontakeriak'. Salatu beharreko gertakariak dira. Horretarako Puntu Morea eskura daukagu. 

Argi uzten dugu erasotzaile matxistek eta arrazistek ez dutela lekurik. Ezta euren konplizeek ere".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide