“Artziniega kultura da eta hori garatzeko espazioa merezi du”. Aldarrikapen horrekin abiatu du ibilbide berria Artziniegako Kultura etxeak. Iragan larunbatean egin zuten erakinaren inaugurazio ofiziala eta datozen asteetan hasiko dira espazioa ekintzaz betetzen.
Urriaren 3ko inaugurazioarekin amaiera eman die Artziniegako Udalak 2023ko uztailaren 17an hasitako zaharberritze lanei. Joseba Vivanco alkateak proiektuan bidelagun izan dituzten erakundeen laguntza eskertu zuen irekiera ekitaldian. Orotara 1.717.298 euroko inbertsioa ekarri dute lanek, eta Arabako Fou Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren parte hartzea izan dute.
Kultura etxe berria “artziniegarren topagune” izateko asmoarekin zabaldu dute
Eraikin bizia
Goitik bera eraldatuta zabaldu ditu ateak Artziniegako Kultura etxeak. Espazio berriak sortu dituzte eraikin historikoaren oskol barruan. Erabilera anitzeko espazioak, entsegu gela, Gaztelekua, liburutegia, emanaldietarako aretoa… Kultura etxe berria “artziniegarren topagune” izateko asmoarekin zabaldu dute, eta herritarren beharretara egokituz joango den “eraikin bizia” da, Vivancoren hitzetan.
Datozen egunetan ekipatuko dute larunbatean inauguratutako eraikina. Urrian mugituko dute udal liburutegia gaur egun dagoen behin-behineko espaziotik eta ikasturte berriko udal-ikastaroak Kultura etxe berrian garatuko dituzte.
Erakin historikoa
Artziniegaren historiari estu lotuta dagoen eraikina da egungo Kultura etxea, eta azken mendean erreferente izan da hezkuntza esparruan.
1789an sortu zen Artziniegan lehenengo eskola publikoa, anonimotasunean mantendu zen Jose de Menoio y Santa Colomaren ekarpen ekonomikoari esker. Josefa de Serrano y Aguayo emaztearekin Mexikora emigratu zuen Menoio y Santa Colomak, eta 160.000 peso utzi zituen bere testamentuan jasota herrian eskola bat sortzeko helburuarekin. Ursula de Largatxa artziniegarra izan zen zentro horretako lehenengo irakaslea.
1970etik aurrera herriko elkarte eta egitasmoen aterpe izan da gaur egun Kultura etxea dena: zinema aretoa, emakume elkartearen lokala, euskara ikasteko lehenengo gau eskola…
1851n eskolaren espazio beharrak asetzeko, gaur egun Kultura etxearen lursailera lekualdatu zuten hezkuntza-erakundea. 1854ko apirilaren 29an ekin zion eskolak ibilbide berriari, Bikarioaren etxea deituriko eraikinean. 1879 eta 1881 urteen artean egindako lanek gaur egungo itxura eta neurria eman zioten eraikinari. Espazioak herriko mutil gazteen heziketaren epizentro izaten jarraitu zuen 1970ean Artziniegako neska-mutil guztiak eskola bakarrean elkartu zituzten arte, gaur egun Etnografia Museoa kokatuta dagoen leku berean.
Geroztik, eta behin hezkuntza-zentro izaera galduta, orotariko elkarte eta egitasmoen aterpe izan da gaur egun Artziniegako Kultura etxea dena: zinema aretoa, emakume elkartearen lokala, euskara ikasteko lehenengo gau eskola, gazteen kluba, erretiratuen egoitza, udal liburutegia, eguneko arreta zentroa…
Aurrerantzean ere Artziniegako herritarren interes kultural eta sozialak asetzeko espazioa eskainiko du Kultura etxe berriak, “komunitatea ehuntzeko helburuarekin”.
Logotipo identifikagarria izango du aurrerantzean Artziniegak, herriko armarriaz aparte
Irudi marka berria
Kultura etxea ez da Artziniegak berritu duen kontu bakarra. Tokiko gobernuak larunbateko inaugurazio ekitaldia baliatu zuen udalerriaren irudi marka berria jendaurrean aurkezteko. Beste hainbeste udalek egin bezala, Artziniegak ere logotipo identifikagarria izango du aurrerantzean, herriko armarriaz aparte.
“Herritar guztiok identifikatzen gintuen elementu bat bilatu nahi izan dugu”, azaldu zuen Joseba Vivancok irudi korporatiboaren aurkezpen bideoari azalpen gehigarriak emanez. Elementu hori Arteko Gure Ama santutegiko zuhaitza dela ondorioztatuta, artearen hostoarekin osatu dute logotipoa. Halaber, irudi marka berriaren sorkuntza prozesua baliatu dute udalerriko armarria ere berritzeko; aro digitalera gaurkotu dute irudia, elementu heraldikoak mantenduta.