Artziniegako Udalak herriko talde feministarekin egingo du bilera azken egunetan agertutako margoketak direla eta

Aitor Aspuru Saez 2025eko urriaren 16a

Agertutako margoketetako bat. / EAJ

Mugimendu feministak salatu du herrian eraso matxisten berri ematen zuten margoketak agertu direla eta erakunde publikoei inplikazioa eskatu die. EAJk bat egin du aldarrikapen horiekin.

Azken egunetan Artziniegako eremu publikotan bi aldiz agertu dira margoketak zenbait eraso matxista salatzeko. Udal langileek mezu horiek ezabatu dituzte eta herriko talde feministak salatu du hori egiteak ez duela estaltzen "atzean dauden bizipenak eta sufrimendua".

"Badakigu emakume eta neska gazte askok (adingabe batzuek) jazarpen egoerak bizi izan dituztela gure inguruan, eta premiazkoa da benetako neurriak hartzea haien segurtasuna eta indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzeko", adierazi du taldeak sare sozialetan.

Gauzak horrela, erakundeei inplikazioa eskatu diete biktimen alboan egoteko.

Bilera Udalarekin

Kolektibo feministaren eskaerari erantzunda, Artziniegako Udalak bilera egitea proposatu dio taldeari. Udalak berak aipatu dio Aiaraldea Komunikabideari euren asmoa dela gaia konpontzea elkarrizketaren bitartez. Halaber, tokiko erakundeak zehaztu du oraindik ez dutela batzarraren eguna eta ordua finkatu, baina espero dutela hurrengo egunetan izatea.

Momentuz, Talde Feministak ez du adierazpen gehiagorik egingo, ez baitu aukerarik izan azken egunean elkartzeko.

EAJren oharra

Atzo bertan Artziniegako EAJk oharra plazaratu zuen herriko kolektibo feministarekin lerratzeko eta erabateko kezka eta gaitzespena adierazi du udalerrian gertatutako edozein sexu-eraso edo indarkeria matxistaren aurrean.

"Talde jeltzaleak azpimarratu du erabateko babesa ematen diela biktimei eta haien senideei, baita indarkeria mota horren eraginpean egon daitezkeen pertsona guztiei ere", aipatu dute.

"Horregatik, Talde Feministaren eta gure udalerrian berdintasunaren eta indarkeria matxistaren prebentzioaren alde lan egiten duten erakunde guztien lana babesten dugu", gaineratu du Encina Castresana bozeramaileak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide