Zarata handirik egin gabe, XIII. ediziora heldu da Artziniega Herri Putxera Lehiaketa. Hitzordu gastronomikoak hiribilduko jende ugari batzea lortzen du urterik urte eta, esaterako, iaz ia 40 putxera aurkeztu zituzten.
Txemi Vadillo antolatzaileetako batek azaldu du parte hartzea nahiko egonkorra dela eta Balmasedako putxera lehiaketa ospetsua dela euren erreferentea, baina oso bestelako filosofiarekin: "Balmasedan aritzeko maila oso handia behar da, gure asmoa da zerbait herrikoiagoa egitea, noizean behin putxera erabiltzen duenak parte har dezan eta ondo pasa dezagun".
Aurtengo zita larunbatean izango da ohiko kokapenean, Artekale plazan. Izen ematea doakoa izango da 10:00etatik 11:00ak arte eta sukaldariek tokia hartu beharko dute alde zaharreko hiru kaleetan eta Goiko plazan.
Saria
Izaera herrikoia oinarri, La Jarrilla Txokoak hiru sari banatuko ditu lehen sailkatuei. Zehazki, putxerak 14:00etan aurkeztu beharko dituzte beranduenez eta lehen hiru sailkatuen saria putxera bana izango da. Vadillok argitu du ez dagoela ezberdintasun handirik hiru putxeren artean eta, oro har, putxera arruntekin, nahiz eta xehetasun txikiak izan.
Faboritorik ote dagoen galdetuta, Vadillok argitu du Artziniegan badaudela lauzpabost kuadrilla beti irabazteko borrokan aritzen direnak, baina ez du baztertu kalitatezko partaide berriak agertzea.
Ohiko errezeta
Epaimahaiaren erreferentea indaba gorrien ohiko errezeta izango da eta lukainka, odolostea eta urdaia izan beharko dute derrigorrez. Sahieskiak eta behi-magala, aldiz, hautazkoak izango dira. Nahi duten parte hartzaileek Artekalen bazkaltzeko aukera izango dute.