Artziniegako EAJk oharra zabaldu du ez dagoelako ados Udalak La Barcena kirolgunean eraiki duen haurren parkearekin. Jeltzaleek adierazi dute futbol zelaiaren eremuaren barruan egin dela aisialdirako azpiegitura berria eta hori ez dela egin herritarren oniritziarekin, "ez baitute beharrezkotzat eta justifikazio gutxikotzat jotzen dute jokalekuaren zati bat kentzea, haurrentzako beste eremu batetik metro gutxira dauden zabuak jartzeko".
Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak udalbatzara eraman zuen gaia, euren ustez ondoeza sortu baitu umeen guneak artziniegarren artean. Oposizioko taldeak gardentasun falta leporatu dio EH Bilduri. "Herri honek merezi duen gutxienekoa entzuna izatea da, bere espazio enblematikoenetako batean esku hartu aurretik. EH Bilduk aldebakarrez jardun du, kontsultatu gabe eta justifikatu gabe zergatik bikoizten den haurrentzako gune bat, Artziniegako kirol eta gizarte memoriaren parte den zelai bat aldatzen den bitartean".
Gauzak horrela, EAJk parte hartze prozesua aldarrikatu du La Barcena kirolgunerako. Izan ere, eurentzat, nahiz eta alkateak ibilbide-orri bat dagoela adierazi, "EAJ-PNVk uste du plangintza hori ez dela herriaren errealitatearekin eguneratu edo kontrastatu, eta ez zaiela, inolaz ere, egunero instalazio horiek erabiltzen dituzten pertsonei galdetu".
Alkatearen erantzun gogorra
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da udal gobernu taldearekin eta Joseba Vivanco alkateak modu gogorrean erantzun dio oposizioari: "EAJk eskatzen duen prozesua 2021ean egin genuen eta, are gehiago, EAJk berak parte hartu zuen eta ekarpenak iradoki zituen, beste elkarte, talde eta herritarrekin batera".
Udalburuak azaldu du udal osoko bilkurara eraman zutela gaia jeltzaleek eta berdin erantzun zietela: "Leporatzen digute ez garela gardenak eta ez dugula planifikaziorik eta, aldi berean, onartzen dute parte hartu dutela 2021eko prozesuan. Ez da koherentea. Urte horretan egin genuen hausnarketa kirolguneari buruz, ez zelako asko erabiltzen. Oinarrizko proposamena egin genuen eta bederatzi ekarpen jaso genituen eremua diseinatzeko. Bilera ireki batean jorratu genuen eta on-line inkesta ere sustatu genuen".
Vivancok aldarrikatu du prozesu horren ondoren egin direla kalistenia parkea, skate parkea eta txakurren aisialdirako gunea, eta padel pista ere planifikatu dutela. Halaber, aipatu du 2021ean aurreratu zutela futbol zelaia hiru zatitan banatuko zutela: "Duela 30 urte ez dagoela futbol talderik herrian eta azpierabilia dago. Horregatik, heren bat bideratu dugu haur eta familien aisialdirako, beste bat kirol kantxak egiteko eta azkena futbol 7 zelaia egoteko".
Etxebizitzaren arazoa
Bestalde, EAJk aurreratu du zenbait proposamen egingo dituela Barne Erreformako Plan Berezian (BEPB), udalerrian bizitegi-aukera berriak aktiba daitezen; birgaitzea errazteko eta hiru altuera baino gehiagoko eraikinak dituzten zonetan irisgarritasuna hobetzeko, kaletxoetan batez ere. Era berean, hirigintzaren aldetik bideragarria denean, etxabeetan eta lonjetan etxebizitzak gaitzeko aukera aztertzea planteatu zen, baita obra-kostuak murriztuko dituzten eta jarduera eskuragarriagoak sustatzeko aukera emango duten materialak eta eraikuntza-irtenbideak baloratzea ere.
Era berean, EAJ-PNVk adierazi zuen beharrezkoa zela genero-ikuspegia integratzea hirigintza-diseinuan, eta tamaina handiko etxebizitzetan banaketa horizontalak ahalbidetuko dituzten formulak kontuan hartzea, gazteei, familiei eta adinekoei egokitutako egoitza-irtenbideak sustatuz.