Euskara Lantaldea aurkeztuko dute Artziniegan abenduaren 3an

Aitor Aspuru Saez 2025eko azaroaren 18a

Korrikaren 20. edizioko irudi jendetsua. / Aiaraldea.eus

Hiribilduko herritar talde batek sustatu du egitasmoa euskara sustatzeko eta tokiko komunitate euskaldun eta euskaltzalea saretzeko.

Abenduaren 3an ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta efemeridea baliatuko dute Artziniegako zenbait herritarek Euskara Lantaldea aurkezteko publikoki Kultura Etxean.

Berez, ekimen horrekin ez dute elkarte edo talde berria abiatu nahi, baizik eta foro irekia. "Lantalde Feministaren eredua hartu dugu. Zerbait irekia nahi duenak parte har dezan euskararen alde", azaldu du Xabi Zalbide, bultzatzaileetako batek.

Lantealdea topagune irekia bilakatu nahi dute, euskara bultzatzeko eta bere erabilera sustatzeko. Azken helburua izango bada komunitatea sarea sortzea, Artziniegako euskaldunak lotzeko eta espazio bat sortzeko.

Malgutasuna

Momentuz, zortzi lagun elkartzen ari dira bileretan, "nahiz eta orain arte guztiok aldi berean ez elkartu", adierazi du Zalbidek. Edonola ere, abenduaren 3an aurkeztu nahi duten funtzionamendu eredua malgua izatea nahi dute: "Agian talde txiki bat ekintzak sustatzeko eta beste bat handiagoa jendeak parte har dezan".

Lantaldean adin anitzeko lagunak daude, gurasoak direnak eta nagusiagoak ere. Dena den gabeziak ere sumatzen dituzte: "Gazteen aldetik gabezia dugu eta pentsatzen ari gara jai batzordearekin hitz egitea, ea baten bat animatzen den eta ekarpena egiten duen".

"Aisialdian gabezia dago euskaraz, euskarazko espazioak sortzeko. Jendea eta nahia dago hori sustatzeko eta inoiz baino jende gehiago dago. Jaietan ikusi genuen euskararen egoera txarto dagoela"

Une egokia

Egitasmoa prestatzen ari direnek uste dute une aproposa dela Artziniegan horrelako zerbait egiteko, hainbat herritarrek beharra sentitzen baitute. "Aisialdian gabezia dago euskaraz, euskarazko espazioak sortzeko. Jendea eta nahia dago hori sustatzeko eta inoiz baino jende gehiago dago. Jaietan ikusi genuen euskararen egoera txarto dagoela", aipatu du Zalbidek.

Berez, artziniegarrak azaldu du helduen zein umeen sozializazioa euskaraz zaila dela, oso erdalduna baita, nahiz eta ekintza batzuk egon, liburutegian, adibidez.

Erakundeen bidelagun

Lantaldearen beste helburuetako bat bada erakunde publikoen akuilu izatea. "Udala zirikatu eta lagundu nahi dugu urte osoan. Erakunde publikoek laguntza behar dute, gizarte zibilak antolatzen duena beti izan baita hobea", erantsi du Xabi Zalbidek.

Momentuz, Euskara teknikariaren eta Udalaren arteko zubi lana egiten ari dira eta Euskararen Nazioarteko Egunerako jarduera gehiago proposatu dituzte.

Dena den, Udala ez ezik, euskararen inguruan mugitzen diren eragile guztiekin ere harremanetan jarriko da lantaldea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide