Artziniegako EAJk mozioa aurkeztu zuen osoko bilkuran tokiko gobernuari eskatzeko eskolazain baten lanpostua sortzea, lanaldi osoan edo erdian. Izan ere, Arteko Gure Ama Herri Ikastetxean ez dago atezainik, eta eskola udal eraikina izanik, Udalarena da lanpostu hori sortzeko ardura.
Arkaitz San Jose zinegotziak Azalera podcastean azaldu du hori gauzatzeko dagoen traba nagusia alderdi ekonomikoa dela: “Gustatuko litzaiguke, eta gustatuko litzaiguke ere orain inauguratu berri dugun Kultur Etxean atezain bat egotea. [...] Gu orain arte ez gara gai izan lanpostu osoa edo erdia hornitzeko ditugun aurrekontuetatik".
EAJri proposatu diote aurrekontuak eztabaidatzerakoan gaia lantzea eta posiblea bada aurrera eramatea.
Udala egoeraren jakitun da, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenen batzordean parte hartzen baitu: “Egoera 2024/2025 ikasturtean larriagotu zen, zuzendaritzari Hezkuntza Sailetik ez zitzaielako esleitu haurrek urteetan izandako ordu-kreditu batzuk, eta horrek ekarri zuen lantaldea gainezka egotea”. Izan ere, zuzendaritzako kideek egin behar izan dituzte haiei ez dagozkien zereginak".
Bideragarria izanez gero lanpostua sortzeko nahia adierazi du San Josek, nahiz eta aitortu duen orain ez dela Udalaren lehentasuna, langileei bideratutako aurrekontua bi alderdirengatik murriztu dela kontuan hartuta. Alde batetik, plantillara batu berri da administrazio orokorreko teknikari bat eta, bestetik, lanpostuen balorazioa egin zuten iaz eta soldatak igo dira horren ondorioz.
Gauzak hala, EAJri proposatu diote aurrekontuak eztabaidatzerakoan gaia lantzea eta posiblea bada aurrera eramatea: “Ez dugu arazorik eztabaida hori mahai gainean jartzeko. Gero zerbitzu ekonomikoek ere esan beharko dute hori denboran sostengatu daitekeen, aurrekontuaren ehuneko zehatz bat baino ezin daitekeelako bideratu langile-arlora”.