IDOIA ZALBIDE

"Petronorri min egiten diona greba da, horregatik salatu eta legez kanpo utzi nahi dute"

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 2a

Idoia Zalbide artziniegarrak Petronorren egiten du lan. / Aiaraldea.eus

IDOIA ZALBIDE (Artziniega, 1984) Petronorreko langile ordezkaria da eta duela bi hilabetetatik greban dago Muskizeko enpresa. Trabajadores por la Unidad (TU) sindikatu independenteko kideak azaldu du zergatik piztu den gatazka eta zein unean dauden orain.

Petronorren "aldagelen gerran" zaudetela esaten dute zenbait hedabidek. Zer gertatzen ari da benetan Muskizeko lantegian?

"Aldagelen gerra" izendatu dute, baina ez da horrela. Orain dela bost urte zuzendaritzak aldagela berriak egin zituen mantenuan eta txandaka lan egiten ez duten beharginentzat.

Duela gutxi arte txandaka ari garen langileok hiru aldagela izan ditugu gure lanpostuen alboan. Uztailan, ordea, enpresak iragarri zigun aldaketa egingo zuela behargin guztiak bateratzeko aipatutako aldagela horietan, findegiko sarreran kokatu dituztenak. Hau da, gure lanpostuetatik urrun.

Horretarako Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa prozesua abiatu zuen zuzendaritzak, nahiz eta aldaketarik ez egon, itxuraz. 

Baina benetako aldaketak zeuden, ezta?

Bai, hori egin zuen aldaketa garrantzitsua sartu duelako. Horregatik gaude greban irailetik. Izan ere, orain arte lan egin dugun zortzi ordu horien barruan sartuta zegoen arropa eta segurtasun elementuen aldaketa eta dutxa.

Hartu nahi dituzten neurriekin, ordea, dutxa eta arropa aldaketa lanalditik kanpo egongo da. Txanda eredu berria egin dute eta horrek suposatzen du lanaldia luzatzea 20 minututan. Finean, zortzi ordu lan egitetik zortzi ordu eta erdira igaroko gara.

"Enpresak dio 50 urte daramagula txanda aldaketak txarto egiten eta eurek esaten duten moduan egin behar dugula"

Zer argudiatu du enpresak hori egiteko?

Esan du hori zela gure txanda eredua eta egin ez badugu, txarto egiten genuelako zela. Hau da, 50 urtez txanda aldaketa kaleko arropa jantzita egin dugu (eta gero laneko uniformea jarri eta lanpostura jo) eta txarto egon dela diote.

Hemendik aurrera eurek esaten duten moduan egin behar dugula diote eta ez dagoela aldaketarik, aldagela hobeagoa eta berria baita. Eskubideen aldaketa izugarria da.

Hori ez da eskubide urraketa bakarra. Izebergaren punta baino ez da eta langileok nekatuta geunden jadanik aurretik adostutakoa ez zutelako betetzen. Hitzarmena ere ez dute errespetatzen eta horrela gaude orain.

Egoera epaitegian dago.

Prozesua zabaldu zen, akordiorik gabe amaitu zen eta epaiketara jo genuen. Edonola ere, horretaz gain, langile batzar batean erabaki genuen ezin genuela utzi gure etorkizuna epaileen eskuetan. Badakigu nola amaitu ahal den, nahiz eta arrazoia izan.

Hori ikusita, erabaki genuen aurrea hartzea eta greba mugagabea abiatu genuen. Azkenengoa duela 40 urte baino gehiago izan zen, baina gutxiengo zerbitzuekin dauzkagun arazoak ikusita, hau zen neurri bakarra eta zuzena aldaketaren eta enpresaren politiken kontra.

Epaiketa izan duzue, zeintzuk dira sentsazioak?

Ostegunean izan genuen epaiketa eta nahiko ondo joan zen, egia esanda. Ez dakigu noiz agertuko den epaia, baina, dena den, edozein gauza gerta liteke, epailearen esku dago. Langile batzarra egin genuen ostiralean eta momentuz ez dago akordiorik gure artean enpresari proposamenik egiteko. 

Orduan, epaileak esaten duena esaten duela ere, grebari eutsiko diozue.

Argi daukagu enpresari mina egiten diona greba dela. Zuzendaritza oso eroso dago epaitegian eta mintzen duena da langileok aurrean egotea. Dena den, hau Petronor da eta ikusi dugu nahiz eta mina jaso, eusten diotela grebari.

"Petronorrek esan du epaitegira joko duela, greba legez kontrakoa delako"

Aiaraldean badakigu Ainhoa Rivera ekarri zutela Tubacexetik eta badakigu nola jokatzen duen eta zergatik den honetan profesionala. Gu kontzientziatuta gaude eta indarra daukagu.

Hain zuzen, Petronorrek greba legez kanpo utzi nahi du.

Bai, pasa den astean bilera deitu zuten Preco-n, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzu publikoaren bitartekaritzarekin eta iragarri zuten greba, euren ustez, ez dela legala.

Bi hilabete daramagu greban, baina orain arte ez dute ezer esan. Azaldu zutenez, aurretik ez zuten epaitegietara jo nahiago zutelako akordioa lortu, baina orain unea heldu da eurentzat salaketa jartzeko.

Guk adierazi genuen guretzat legala dela eta salatu nahi badute, epaitegira joango garela defendatzera.

Zein da egoera sindikatuen aldetik?

Lehenengo aldiz UGT eta CCOO gehiengoa dira Langile Batzordean, baina eurek sinatutako aurreakordioa atzera bota zuen langileen batzarrak, %90ak aurka egin zuen azken bozketan. Gehiengo izugarria da. Hurrengo ostegunean epaiketa izango dugu eta aintzat hartzen dugu, baina gure bidea da borroka lantegian egitea eta presio neurriak mantentzea. Horretan gaude eta egongo gara zilegia eta justua dena lortu arte. 

Zein da egoera langileen artean?

Ni pertsonalki pozik nago langileok eman dugun erantzunagatik eta hartu dugun jarreragatik. Giroa ona da eta jendeak argi dauka ezin dugula atzerapausorik egin. Nahikoa kendu digute eta duintasun puntua oso argi daukate kideek. Jarraitzeko gogoekin gaude.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide