BENJAMIN RESPALDIZA

“Egoera hau iraultzea eta horretan laguntzea gizalegezkoa da, justizia kontua”

Aimar Gutierrez Bidarte 2025eko abenduaren 10a

Angolako Malanje hirian dago Benjamin Respaldiza artziniegarra. / Aiaraldea.eus

Ondo baino hobeto ezagutzen du BENJAMIN RESPALDIZA Artziniegako apaizak Angola. Urteak eman ditu Afrika hegoaldeko herrialdean, eta orain beste behin itzuli da Mama Muxima proiektuan laguntzeko. Larunbat honetan elkartasun bilketa antolatu dute Artziniegan Benjaren asmoak hauspotzeko.

Mama Muxima proiektuan murgilduta zaude, Angolan. Zertan datza zehazki proiektua?

Angola erdialden dagoen Malanje hiriko Maxinde auzoan nago. Kapera-etxe baten eraikuntzan akonpainamendua egiten ari naiz, biltegia eta lau gela izango dituena. Landa eremu batean altxatu da zentroa, eta bertan fruta-arbolak, mandioka, babarrunak eta barazkiak landatu dituzte. Pobrezia nabarmena den auzo honetako eguneroko bizitzan sartzen saiatzen naiz, ahal dudan apurrarekin lagunduz. Hori da nire lehentasuna.

Horrez gain, herrialdeko hizkuntza handienetako bat den kimbundu hizkuntzako esaera zaharren bilduma osatu dut, 1.200 esaerekin guztira.

Zenbat denbora daramazu Angolan?

2025eko ekainaren amaieran iritsi nintzen eta martxora arte geratzeko asmoa dut.

Nolakoa da zure egunerokoa?

05:30ean jaikitzen naiz egunero eta parrokiara joaten naiz aurrena, mezara. Bi konputazio klase ematen ditut goizetan, errekaduak egin, auzoko hileta elizkizunetan lagundu...

Arratsaldean, kalera irteten ez banaiz, izozkiak egiten ditut gure zentrorako; mahukekin, ahuakateekin eta platanoarekin... inguruan hain ugaria den fruta aprobetxatuz. Igandetan meza eskaintzen dut auzoan.

"Angola Portugalen kolonia zenean iritsi nintzen lehendabizi, 1973ko urtarrilean. Bertan izan nintzen 1975eko azaroan independentzia aldarrikatu zutenean. Bost urtez Angolako barne-guda gertutik bizi izan nuen... oso gogorra izan zen, heriotza nonahi zegoen"

Hau ez da zure lehen bidaia Angolara. Noiz izan zinen lehen aldiz? Nabaritu al duzu bilakaerarik urte hauetan guztietan?

Angola Portugalen kolonia zenean iritsi nintzen lehendabizi, 1973ko urtarrilean. Bertan izan nintzen 1975eko azaroan independentzia aldarrikatu zutenean. Bost urtez Angolako barne-guda gertutik bizi izan nuen... oso gogorra izan zen, heriotza nonahi zegoen. Egonaldi luze horren ostean egin ditut bidaia gehiago herrialdera; 2018an edota 2024an, esaterako.

Orain bakea dago. Kalean lapurretak egon daitezke, baina ez da indarkeriarik sumatzen. Bidaiatu daiteke. Herrialdea hobetzen ari da eta etorkizuna du. Jaiotza-tasa oso altua da. Nekazaritza urritasuna dago eta herrialdeko BPGren %80ko petroliotik dator. Badira lur arraroak eta beste mineral batzuk. Auzoetan eta landetan, ordea, pobrezia da nagusi. Kale-salmenta da hemengo herritar askoren baliabide nagusia.

"Pobrezia izugarria da hemen. Orain nagoen etxean 60 pertsona inguru daude. Ez dago garbitokirik, garbiketa guztia baldetan egiten da. Ez dugu garbigailurik jartzeko aukerarik"

Zure lana ere oso lotuta egon da Ekuadorrekin. Zenbat aldiz bidaiatu duzu bertara? Zer proiektu burutu dituzu han?

Proiektu asko, pila bat garatu ditut Ekuadorren. Hezkuntza, nekazaritza, osasuna, ekonomia... haien beharrak kudeatzeko antolatzen ziren oinarrizko eliz-komunitateak hauspotzen nituen. Aste honetan bertan jaso dut bertako nekazal ustiapen baten argazkia, ongarri eta uxatzaile organikoak erabiltzen hasiak dira. Lan handia egin dut Ekuadorren, luze samarra da azaltzeko. Baina milioi bat kakao zuhaitz baino gehiago ere landatu genituen eliz-komunitate horietan.

Hala ere, hori guztia ez da niretzat garrantzitsuena, baizik eta sortzen diren harremanak, subjektu bilakatzeko zentzua, adierazteko askatasuna, kudeatzeko askatasuna, hurbiltasuna… Ailegatu nintzenean lan nekagarria zen guztia eta, gutxinaka gutxinaka, familiarteko giroa sortu dut bertan. Ekuadorren 22 urte igaro nituen. 2005ean eta 2006an ere borroka handia izan genuen desjabetzearen eta lur-lapurretaren aurka. Jendeak La Yuca bezala gogoratzen du. Elkartasun handia jaso genuen Euskal Herritik, baita Eusko Legebiltzarrean ere.

Nola bizi duzu Ekuadorrek azken urteotan pairatu duen egoera?

Ekuador sarerik gaiztoenean erori da: narkotrafikoa, estortsioa... non oso zaila den jakitea jendea non dagoen. Ustelkeria politikoa eta soziala ere ditu horrek. Iazko neguan izan nintzen hor azkenekoz, eta gertutik bizi izan nuen egoera

Hainbat elkartasun-bilketa antolatu dira Aiaraldean, Mama Muxima proiektua babesteko. Nola jasotzen dituzue ekimen horiek Angolatik?

Pobrezia izugarria da hemen. Orain nagoen etxean 60 pertsona inguru daude. Ez dago garbitokirik, garbiketa guztia baldetan egiten da. Ez dugu garbigailurik jartzeko aukerarik. Beste moja batek ikasleentzako laguntzak eskatu zizkidan aurrekoan… Erokeria litzake guzti horri aurre egitea norbanakoen laguntzarik gabe. Egoera hau iraultzea eta horretan laguntzea gizalegezkoa da, justizia kontua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide