356.250 euroko inbertsioa onartu dute Artziniegan Valle Etxea erosteko eta alokairu sozialeko zortzi etxebizitza egiteko

Aitor Aspuru Saez 2025eko abenduaren 23a

Erosiko den eraikina. / Artziniegako Udala

Gaur onartu du Arabako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak diru hori bideratzea Valle Etxearen erosketa finantzatzeko.

356.250 euro inbertituko ditu Arabako Foru Aldundiak Artziniegako Valle Etxea erosteko. Udalak eskatu zion laguntza hori Araba(n) Bizi Bedi programaren bitartez. Erakundeen asmoa da Artekale 16an kokatutako eraikin hori alokairu sozialeko zortzi etxebizitzatarako baliatzea

2026an ekingo diote erosketa egikaritzeari eta gero Artziniegako Udalak dirulaguntza gehiago eskatuko ditu higiezina berritzeko. 

Guztira, Aldundiak 853.228,66 gastua onartu du gaur, toki hauetara ere bideratu baitute dirua: Donemiliaga (120.000,00 €), Gaubea (103.597,96 €), Guardia (85.850,00 €), Agurain (99.404,85 €), Bastida (26.775,85 €) eta Bilar (61.350,00 €).

Artziniegako Udalak honakoa adierazi du eskuratutako babes ekonomikoari buruz: "Etxebizitza eskuratzearekin gaur egun dagoen arazo handia dela eta, urrats hori Udalak etxebizitzaren arloan inoiz egin ez duen apustua da, eta datozen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzarekin udal-lurzoruan etxebizitza publiko gehiago egiteko akordio batekin osatzea espero da. Udalerrian etxebizitza publikoak sustatzeko Artziniegan egiten diren lehen urrats garrantzitsuak dira, egungo eskariari erantzuna emateko eta udalerriko gazteek beren independentziarako lehen urratsean etxebizitza prezio merkeetan eskuratu ahal izateko".

Halaber, EH Bilduko udal gobernu taldeak balioan jarri du Araba(n) Bizi Bedi programa koalizioaren ideia dela eta EAJ eta PSE-EErekin adostu zuela 2025eko aurrekontuetan sartzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide