JOSEBA VIVANCO RETES

“Herrigintzan kontrapisua behar du udal-jardunak, politika guztiak ez daitezen goitik behera etorri”

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko urtarrilaren 12a

Joseba Vivanco Retes, Udaletxeko bere bulegoan. / Aiaraldea.eus

Herri aldaketa prozesu betean dagoela azpimarratu du JOSEBA VIVANVO RETES Artziniegako alkateak. Kultura etxearen inaugurazioak aukera berriak ekarri ditu udalerrira, eta 2026rako mugarri berriak aurreikusten ditu udal gobernuak.

2024a trantsizio urte gisa definitu zenuen. Nola baloratzen duzu agurtu berri dugun 2025. urtea?

Udalaren baren funtzionamenduari begira, gorabeheratsua izan da aurtengo urtea ere. Euskal udal askok bizi duten egoera berdina pairatzen dugu guk ere. Bitartekotasun handia dago idazkari-interbentore postuan, eta horrek eragin zuzena du erakundearen eguneroko jardunean. 2025eko lehenengo sei hilabeteak idazkari berri batekin egin genituen, eta irailetik aurrera beste pertsona batek bete du postua. Irailean ere administrazio-orokorreko teknikari postua bete genuen, Udalean faltan genuen beste plazetako bat. Aldaketa urtea izan da azken finean, barne-funtzionamenduak aldatuz joan dira postuetan zeuden pertsonen arabera, eta, esan bezala, horrek eragina du Udalaren barne zein kanpo jardunean. Halaber, uste dut, inkorporatu diren profil guzti horiek asko laguntzen ari direla gure lanean eta horri esker egokitasunean aurrerapausoa eman dugula esango nuke.

Zeintzuk izan dira 2025eko Artziniegako mugarri nagusiak?

Mugarri nagusia, zalantzarik gabe, Kultura Etxe berriaren inaugurazioa izan da. Urte luzetako erronkaren emaitza izan da. Alkatetzan sartu nintzenean Obren eta Zerbitzuen Foru Planean onartu berria zen; pentsa zer nolako ibilbidea izan duen egitasmoak. Proiektu horrek gauzak egikaritzeko beharrezkoa zaigun denboraren dimentsioa ematen digu. Prozesu luze eta dilatatuak dira.

Behin inauguratuta, apurka apurka ari gara espazioa edukiz betetzen; martxan jartzen. Liburutegia eta Coworking gela abaian jartzea falta zaigu, baita dituen erabilera guztiak ahalik eta gehien zukutzea ere. Jendeari asko gustatu zaio emaitza, eta herriari aukera berriak ekarri dizkio. Udal ikastaroak bertan ari dira garatzen eta erabiltzaileak poz-pozik daude. Gainera, areto nagusiak orain arte Artziniegan zegoen espazio faltari oso modu egokian erantzuten dio; izan bilerak egiteko, antzerkiak, emanaldiak, proiekzioak… 

2026ari begira Kultura Etxearen funtzionamenduan egin nahi dugu hobekuntza. Programazio kulturala doituko dugu espazioaren kudeaketa jasangarria izan dadin; gutxiago antolatu baina kalitate handiagokoa. 

Kudeaketan erronka izango duzue, beraz.

Ez dugu Kultura Etxea kudeatzeko pertsonarik, eta Udaletik bideratu behar dugu lan hori. Noski gustatuko litzaiguke Kultura Etxean langile bat izatea, baina ez dugu gaitasun ekonomikorik. Berdina gertatzen da eskolako bedelaren figurarekin. EAJk ere behin baino gehiagotan galdegin du postu horrengatik. Guk ere nahiko genuke bedela izatea eskolan, Kultura Etxean, biak uztartzea… Baina Artziniegako aurrekontuek ez dute horretarako ematen Udaleko plantilla handitu egin dugu aurten eta hori diru-sarrerekin orekatu behar dugu orain. Udal txikia gara, industriarik gabekoa. Gure aurrekontua ez da sekula hiru milioi eurotara iristen eta bi milioiak gainditzen baditu esku artean inbertsio esanguratsuak ditugulako da.

Udalaren irudia gaurkotzeko baliatu duzue Kultura Etxearen inaugurazioa.

Egiteke genuen zeregina zen. Irudi korporatibo berria behar zuen udalerriak, gure armarriaren osagarri. Nabaritzen genuen armarria erabilita gure presentzia lausotzen zela kartel eta bestelako euskarrietan, zerbait identifikagarriagoa behar genuen. Administrazio guztiak ari dira lanketa horretan. Nik uste oso emaitza polita atera dela, eta herritarrek oso pozik hartu dutela. Artearen hostoa, norberaren sinesmenak gora behera, bada artziniegar guztiak batzen dituen zerbait. Uste dut asmatu dugula. Urrats esanguratsua da Udalaren modernizazioan.

"Bost urteren buruan aldaketa nabaria biziko du gure herriak"

Dorretxeko hotelaren lanak bukatzea zenuten 2025eko eginkizunen artean ere.

Dorretxeko lanak bukatu ditugu aurten eta hori ere azpimarratzekoa izan da. Gurutze-bidea izan da enpresa esleipendunarekin lan egitea, baina bukatuta daude dagoeneko. Hotelaren ustiapena esleitzeko pleguak osatzen ari gara orain. Hotel zerbitzua lehenetsiko dugu, baina positiboki baloratuko dira ostalaritza eskaintza barnebiltzen duten proiektuak. Urtea amaitu aurretik lizitatu nahi dugu zerbitzua, Hotelaren kudeaketa euren gain hartzen dutenek oporraldiak probestu ahal izateko.

Oso zerbitzu garrantzitsua da guretzat. Kudeaketara sartzen direnentzat epe luzerako proiektua izatea nahiko genuke.

Artziniegaren garapen turistikorako ezinbestekoa da.

Bai, argi dago. Eta beharrezkoa dugu. Badira landetxeak inguruan, baina hiribilduan bertan hotel baten eskaintza izatea, irisgarria izango dena… hori berebizikoa da.

Etxebizitzaren gaiari heldu diozue.

Iaz heldu genioen gaia lantzeko apustuari. Etxebizitza promoziorako bi bide ari gara aztertzen aldi berean. Alde batetik, Arabako Foru Aldundiak etxebizitza publikoak eskaintzeko asmoz eraikinak erosi edota zaharberritzeko irekitako finantziazio lerroa ikertzen ari gara. Bestetik, Eusko Jaurlaritzarekin ari gara lanean ere, Udalak eskura duen zoru-publiko apurra Etxebizitza Sailari lagatzeko asmoarekin. Lursail gutxi ditugu, baina badirudi hitzarmena gertu egon daitekeela. Dena ondo bidean, datorren legealdi hasieran etxebizitza-publikoko lehenengo promozioa eskaintzeko moduan egongo da Artziniega. Orain arte ez da sekula egon horrelakorik. Izugarria litzake hemendik urte gutxira promozio publikoko 20-30 etxebizitza eskaini ahal izatea, herriko gazteak Artziniegan errotu daitezen.

Urteko birpasa ixteko, herriko eragiletzan aldaketa urtea izan da. Jaien antolakuntzan, esaterako, gazte talde batek hartu du iniziatiba.

Udaletik denbora generaman horrelako ekimenen esperoan. Udalaren dinamikak jaso dezakeen babesetik haratago, herritarrak dira iniziatiba hartu behar dutenak. Udala laguntzeko dago, ahal duen guztian, baina ekinbidea herritarrena izan behar da. Auzokideen artean interesa egon behar du, hori da funtsezkoa.

Antzinako Merkatua da horren adibide. Hiru urte daramatza antolakuntza berria, talde kontsolidatua da dagoeneko. Jai Batzorde berria eratu da aurten, jende oso gaztearekin gainera. Hori oso positiboa da, eta espero dugu datorren urtean eredua errepikatzea. Modu berean, euskara foroa sortu berri da ere, euskalgintzaren arloan dinamika garatzeko; bidean dagoen komunitate energetikoa izan daiteke beste adibide on bat… Oso interesgarria da ekosistema hori guztia eratzen joatea. Herrigintzan kontrapisua behar du udal-jardunak, politika guztiak ez daitezen goitik behera etorri, baizik eta behetik gora ere.

Zeintzuk dira 2026ko erronka nagusiak?

Eguneko Arreta Zentro berriaren lanak abian jartzea da urte berriko erronka nagusietako bat. Geltoki plazan aurreikusten dugu eraikitzea espazio berria. Aurrekontua doitzea eta finantziazio aukera desberdinak aztertzea dagokigu orain. Hotelaren inaugurazioa, Frontoiko teilatuan plaka-fotovoltaikoak instalatzea, etorbideko lanak edota Gordelizetik Artziniegarainoko uren kanalizazioa dira datorren urteko mugarrietako batzuk. Museoaren hitzarmena beste lau urtez luzatuko dugu ere. Goazen herriaren garapena perspektibaz begiratzera. Norberaren arazo partikularretatik haratago, herriaren problematikei begiratu behar diegu. Bost urteren buruan aldaketa nabaria biziko du Artziniegak. 

Bestelako egitasmoak ere ditugu buruan. Datorren urtean 90 urte beteko dira Guda Zibila hasi zela, efemeridea probestuz Artziniegako Memoria Historikoa berreskuratzeko nahia dugu ere.

Gogoratu beharra dago udal-hauteskundeen aurreko azken urtea izango dela 2026a, eta horrek ziur markatuko duela herriko eguneroko giroa. Baina udal-taldetik ez dugu gure orain arteko bide-orria aldatzeko asmorik, eta markatutako apustuei eutsiko diegu. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide