Geltoki Plazako Eguneko Arreta Zentroaren proiektua “anbizio gutxikoa” da eta jada dauden azpiegiturak bikoizten ditu, EAJren iritziz

Txabi Alvarado Bañares 2026ko urtarrilaren 20a

Geltoki plazan eraikiko dute zentro berria. / GoogleMaps

Joseba Vivanco alkateak jeltzaleei erantzun die esanez 2023an zentroa ixteko zorian egon zela erabiltzaile gutxi zeudelako, eta hori kontuan hartuta garatu dutela egungo proiektua. 

Geltoki Plazako Eguneko Arreta Zentroaren proiektua onartu zen iragan ostiraleko Udal Osoko Bilkuran, baina EAJ aurka lerratu zen. Ondorioz, “alkatearen kalitatezko botoari esker” egin zuen aurrera proiektuak, jeltzaleek eurek nabarmendu dutenez. 

Oposizioko taldeko kideek oharra plazaratu dute euren jarrera arrazoitzeko. Nabarmendu dutenez, ez daude zerbitzuaren kontra, baina ez daude ados gobernu-taldeak eginiko planteamenduarekin. Izan ere, Kultur etxean bazegoen hamar pertsonari zerbitzua emateko prestatutako gune bat, eta eraikitzea planteatzen den espazio berriak plaza kopuru bera eskainiko du. 

Horregatik, EAJko kideek uste dute proiektu berriak ez diola ondo erantzungo udalerriaren errealitate demografikoari, Artziniega “gero eta zaharragoa den biztanleria baterantz” doala argudiatuta. Horregatik, jeltzaleek planteatu dute azpegitura berriak 18-20 toki izan beharko lituzkeela. 

EAJko kideek uste dute proiektu berriak ez diola ondo erantzungo udalerriaren errealitate demografikoari, Artziniega “gero eta zaharragoa den biztanleria baterantz” doala argudiatuta.

Eraikin berriaren kokapena ere kritikatu du opozisioko taldeak, proposamen horrek bere garaian erabiltzaileen protestak eragin zituela gogorarazita. Horrez gain, “ikuspegi orokorra eta epe luzekoa” ere bota dute faltan jeltzaleek. “Kontua ez da egiteagatik egitea, herri gisa norantz jo nahi dugun jakitea baizik", nabarmendu du Encina Castresana bozeramaileak.

Bere iritziz, Udalak antzeko eran jokatzen du beste esparru batzuetan ere, “hala nola etxebizitzarekin”. 

Udalaren erantzuna

Joseba Vivanco alkateak, bere aldetik, “harriduraz” hartu du EAJk “Artziniegarentzat horren garrantzitsua den ekipamendu baten aurka bozkatzea”, eta jeltzaleek eginiko kritika nagusienei erantzun die. 

Bere hitzetan, eguneko zentroa tokiz aldatzearen beharra EAJk gobernatzen zuen garaitik egon da mahai gainean. Izan ere, Kultur etxea Alde zaharreko tokirik gorenenean dago, eta horrek zailtasunak dakartza irisgarritasunari dagokionez. Horregatik egin dute Geltoki plazako kokalekuaren alde, toki “laua, irisgarria era argitsua” delako eta aparkalekuak daudelako.  

Plaza kopuruari dagokionez, alkateak gogorarazi du 2023an “ixteko zorian” egon zela zentroa, lau erabiltzaile baino ez zeudelako. “Kanpaina bat abiatu genuen orduan, eta horrela lortu zen egun dauden hamar plazak okupatzea”, azaldu du Vivancok.

Aitortu du une honetan badagoela pertsonaren bat edo beste itxaron zerrendan, baina azpimarratu du kontuan hartu behar dela zein den egon den bilakaera.

Gauzak hala, EAJren kritikak “kontraesanez betetakoak” direla iritzi du Artziniegako gobernuburuak, eta etxebizitzaren gaiari lotuta eginiko iruzkinari ere egin dio aipamena, etxebizitza publikoaren esparruan udalerrian eman diren lehen urratsak EH Bildurenak izan direla nabarmenduta, “EAJk ez zuelako ezer egin gobernuan zegoenean”. 

Alkateak gogorarazi du 2023an “ixteko zorian” egon zela zentroa, lau erabiltzaile baino ez zeudelako.

Jeltzaleen 30 galdera baino gehiago

Dena dela, EAJ ez da eguneko zentroaren proiektua kritikatzera mugatu. Oposizioko taldeak azaldu du “30 galdera baino gehiago” egin zituela iragan asteko udal osoko bilkuran. Honako gai hauek nabarmendu dituzte horien artean:

  • Museoko gidarien zerbitzua zergatik ez dagoen lizitatuta, “nahiz eta kontratua abenduaren 31n amaitu zen eta data hori duela lau urtetik ezagutzen zen”.
  • Animaliak edukitzeari buruzko ordenantzari buruz ere galdetu zuten, animalia solteengatik kexak egon direla eta horren aurrean neurri eraginkorrik hartu ez dela argudiatuta.
  • Energia eta Klima Planari eta Larrialdi Planari buruz ere galdetu zuten jeltzaleek. 
  • Kultur Etxearen funtzionamenduagatik jasotako hainbat kexa ere helarazi zituzten, “ikasgela bat bezalako espaziorik ez egotea, bulegoan harraskarik ez egotea edo liburutegiko komunean dutxa bat egotea”, besteak beste. 
  • Udal-kontratuak Kontuen Auzitegira eta Sektore Publikoko Kontratuen Erregistrora bidaltzen ari diren ere galdetu zuten, argudiatuta Udalak idazkari-kontu-hartzailea eta Administrazio Orokorreko teknikaria dituela une honetan eta, beraz, badituela “atzeratzen joan den guztia egunean jartzeko adina langile”. 
  • Gabonetako jaietan Udala egun askotan itxita egotea deitoratu zuten, herritar asko horrekin haserre daudela nabarmenduta. 
Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide