Alde Zaharreko trafiko ordenantzak eztabaida piztu du Artziniegan udal gobernu taldearen, oposizioaren eta merkatarien artean

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 10a

Artziniegako Alde Zaharrean eragingo du araudi berriak. / EAJ

EH Bilduk argudiatu du merkatarien arazoak entzun eta aintzat hartu dituela 30 minutuko tartea emanda ordutegitik kanpo Alde Zaharrean sartzeko eta EAJk eta AEMEk uste dute ez dela herritarren ahotsa entzun.

Artziniegako udalbatzak onartu du Alde Zaharreko trafiko ordenantza berria EH Bilduren aldeko bozekin eta EAJko kontrakoekin. Araudiak aldaketak ekarriko ditu eta udal gobernu taldeak azpimarratu du garrantzitsuenak izango direla matrikulen irakurketa bidezko kontrol sistema ezarriko dela, Udalak hartuko duela bere gain isunak jartzea (nahiz eta Ertzaintzak ere zuzenean ezarri ahalko dituen) eta eztabaida gehien sortu duen neurria: 15:30ean trafikoa murriztuko dela Alde Zaharrean.

Berez, baimenduak ez dauden ibilgailuak soilik sartu ahalko dira gune horretan ordu erdiz. Horrekin udal gobernu taldeak uste du erantzun zaiola merkatariek egindako eskaerari. Izan ere, EH Bilduk aipatu du bi bilera egin zirela merkatari eta herritarrekin euren proposamenak jasotzeko eta horiek kontuan hartu dituztela.

15:30etarako trafikoa murrizteko araua da eztabaida gehien piztu duena. 

"15:30etatik 19:00etara 30 minutuko 'leiho bat irekitzea' proposatu zen, baimendu gabeko edozein ibilgailu Hirigunera sar dadin erosketak edo izapideak in situ egiteko, egunean behin. Horrela, baimena ez duten ibilgailuak dituzten bezeroek arratsaldeko ordutegi horretan erosketak edo kudeaketak egin ahal izateko saltokiek egindako eskaerari erantzuten genion, sartu eta irten arteko ordu erdiko gehieneko denborarekin, eta inolako arrazoirik gabe ibilgailuak sartzea saihestuz edo baimendu gabeko ibilgailuak ordu luzez aparkatzea ekidituz, espaloiak kasu. Eta hala jakinarazi genion AEMEri, arratsaldeko ordutegian erosteko premia horri irtenbidea ematen zitzaiola ulertuta. Eta hala uste dugu", azaldu dute.

AEMEk merkataritza arriskuan jarriko dela uste du

Edonola ere, Artziniegako Enpresa eta Merkataritza Elkarteak ez du iritzi bera eta euren aburuz, ordenantza berria kaltegarria da bere jarduerarako eta ez dute euren ahotsa entzun.

"Herriko kontsumo-ohiturak, neurri handi batean, ibilgailu pribatuan iristeko aukeraren menpe daude, bereziki inguruko udalerrietatik datozen bezeroen kasuan. Sarbide hori mugatzeak zuzenean alde zaharreko merkataritza itotzea dakar", salatu du elkarteak.

"Herriko kontsumo-ohiturak, neurri handi batean, ibilgailu pribatuan iristeko aukeraren menpe daude, bereziki inguruko udalerrietatik datozen bezeroen kasuan. Sarbide hori mugatzeak zuzenean alde zaharreko merkataritza itotzea dakar"

Gainera, euren ustez, tratu-desberdintasun larria ezartzen du araudiak: kanpoko etxez etxeko banatzaileek (Amazon, Seur, DHL...) ordutegi-murrizketarik gabe sartzeko aukera duten bitartean, tokiko merkatari eta ostalariei zigorrak ezartzen zaizkie.

Gauzak horrela, AEMEk jakinarazi du sentsibilizazio sozialeko kanpainak abiaraziko dituela, tokiko merkataritzaren aurkako eraso zuzena dela uste duen hau salatzeko eta udalerriko errealitate ekonomiko eta soziala kontuan hartuko duen trafikoaren araudi bat eskatzeko.

EAJ ere desados

Oposizio taldeak ere oharra zabaldu du ordenantza kritikatzeko eta udal gobernu taldeari bereziki leporatu dio entzungor egin izana. "EAJ-PNVk gogorarazi du Udalak ekarpenak jasotzeko bi bilera deitu zituela, bata tokiko merkataritzarekin eta bestea herritarrei irekia, eta horietan desadostasuna orokorra izan zela", aipatu dute.

Hortaz, EAJk bat egin du AEME, Artziniegako Enpresa eta Merkataritza Elkarteak adierazitako kezkarekin, ordenantza honek alde zaharreko merkataritzari eta ostalaritzari eragingo dien kalte larria salatu baitu. Talde jeltzaleak azpimarratu duenez, sartzeko ordutegiak murriztaileegiak dira eta ez datoz bat Artziniegako errealitatearekin. Izan ere, kontsumo ohiturak, neurri handi batean, ibilgailu pribatuen irisgarritasunaren mende daude, inguruko udalerrietatik datozen pertsonen esku, batez ere. 

Halaber, Hirigune Historikoan etxebizitza bakoitzeko bi ibilgailu baimentzea zalantzan jarri dute jeltzaleek, benetako aparkaleku-konponbiderik egon gabe, eta horrek konpondu nahi direnak baino arazo gehiago sortzen ditu, euren iritziz. 

"Herri osoari eragiten dion ordenantza baten aurrean gaude, ez bakarrik Hirigune Historikoan bizi direnei. EAJ-PNVtik herritarren ondoan egongo gara eta trafikoaren erregulazio bidezkoagoa, errealistagoa eta adostuagoa defendatzeko bultzatzen diren ekintza guztietara joko dugu", iragarri du Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide