Konpostajea bultzatzeko, hondakinen tasan %15erainoko hobariak proposatu ditu EAJk Artziniegan

Aitor Aspuru Saez 2026ko otsailaren 20a

Auzo konpostajerako gunea. / EAJ

Mozioa erregistratu du oposizioko alderdiak eta udalerriko komunitateko bigarren konpostaje-gunea aurkezpenarekin batera eman du horren berri.

Artziniegako EAJko udal taldeak mozioa defendatuko du hurrengo udalbatzan hondakinen tasak %15eko hobariak ezarri daitezen. Horretarako Hiri Hondakin Solidoak Biltzeko Tasen Ordenantzan pizgarriak ezartzea proposatu du. 

Zehazki, euren ideia da hobariak ezartzea pertsona bakarraren edo biren etxebizitzetarako —65 urtetik gorako pertsona bat bizi denekoak barne— eta guraso bakarreko familietarako, baita familia ugarientzat edo egoera zaurgarrian daudenentzat ere.

Halaber, %15eko hobaria proposatu dute etxeko edo komunitateko konpostajearekin bat egiten dutenentzat, eta %10ekoa paper-kartoizko atez ateko bilketa-sistemari atxikitako saltokientzat edo hondakin organikorik sortzen ez dutenentzat.

Konpostajerako bigarren gunea

Oposizioko taldearen aburuz, bigarren konpostaje komunitarioko gunearen irekiera une egokiena da egitasmoa abiatzeko eta hondakinen kopurua murrizteko. Izan ere, gogoratu dute edukiontzi grisean bukatzen duten hondakinen erdiak organikoak direla eta kopurua murrizteko ezinbestekoa dela konpostajea sustatzea.

"Ingurumen-onurak agerikoak dira, baina ekonomikoak ere bai. Edukiontzi griseko zaborraren erdia organikoa bada, behar bezala birziklatzeak aurreztea dakar udalerriarentzat eta, beraz, guztiontzat", azpimarratu du Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak.

Euren aburuz, helburu horiek betetzeko beharrezkoak izango dira kanpaina eraginkorrak, tailerrak, hitzaldiak eta bestelako ekintzak barne.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide