Film laburra grabatzeko, kroketa txapelketa egin zuten larunbatean Artziniegan

Aitor Aspuru Saez 2026ko apirilaren 21a

Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza Gradu Bikoitzeko ikasleek deitu zuten lehiaketa gastronomikoa irakasgai batean aurkeztu behar duten film laburra egiteko.

Artziniegako Ibai Campo EHUko ikasleak azaldu duenez, asteburu "estresagarria, nekagarria, zorrotza eta, batzuetan, etsigarria" izan dute, baina baita pozgarria ere. Izan ere, bera eta Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Kazetaritza Gradu Bikoitzeko unibertsitateko kide talde batek kroketa lehiaketa antolatu dute herrian.

Berez, ekintza gastronomikoaren benetako helburua ez zen jaki onena hautatzea, baizik eta horrelako ekimen batean girotuta dagoen film laburra grabatzea. "Faltsutzea oso zaila iruditu zitzaigunez, behar genuen estra kopuru handiagatik, benetako kroketen lehiaketa bat antolatzea erabaki genuen, filmatzeko. Hau da, benetako elementuak erabiltzea, hala nola parte-hartzaileak eta kroketak, fikziozko film labur bat grabatzeko".

"Faltsutzea oso zaila iruditu zitzaigunez, behar genuen estra kopuru handiagatik, benetako kroketen lehiaketa bat antolatzea erabaki genuen"

Campok azaldu duenez, esperientzia polita izan da: "Aukera eman digu inoiz lan egin ez genuen jendearekin lan egiteko, hitz egin ez genuen pertsonak ezagutzeko eta espero ez genuen jendearekin adiskidetasuna izateko".

Berez,  Errealizazioa II irakasgairako lan gisa sortu dute pelikula eta ahalegin handia egin dute amaitzeko:  Ostiralean 13 orduko lanaldia, larunbatean 11 ordukoa eta igandean 5 ordukoa.

Dena den, gradu osoko eginkizun interesgarrienetako bat izan da eta denbora luze eman dute gidoia fintzen edota antzezleak hautatzen.

Eskerrak lagundu dutenei

Campok eta bere kideek oso positiboki baloratu dute jasotako laguntza guztia proiektua gauzatzeko eta horrela adierazi dute: "Eskerrak eman nahiko genizkioke Artziniegako Udalari erokeria hau muntatzeko aukera emateagatik. Beren lokal edo etxeetan grabatzen utzi diguten pertsonei eta, azkenik, larunbatean gurekin goiza pasatzen eta planoak ahalik eta ondoen ateratzeko behar genuen guztia egiten egon ziren kroketa lehiaketara aurkeztu ziren pertsona guztiei".

Argazkiak: Arrieta Saldaña

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide