Artziniegako EAJk oharra plazaratu du nabarmentzeko “40 galdera baino gehiago” plazaratu zituela maiatzeko Udal Osoko Bilkuran. Oposizioko taldeak salatu duenez, ez dago “egitura-plangintzarik Udalaren kudeaketan”, eta "inprobisazioan oinarritutako kudeaketa-dinamika” izatea leporatu dio Udal gobernuari.
Horri lotuta, jeltzaleek salatu dute kontratu txikiak bata bestearen atzetik kateatu direla. “Praktika hori desegokitzat jotzen du taldeak, eta aplikatzen ari da Eguneko Zentroan eta Etnografia Museoan, besteak beste, horien kontratuak 2025eko abenduaren 31n amaitu baitziren”, nabarmendu dute. EAJko kideen iritziz, “lizitazio arruntaren” bidez esleitu beharko lirateke zerbitzu horiek, eta gogorarazi dute kontratu txikiak ezin direla 15.000 eurotik gorakoak izan. Azpimarratu dutenez, “Udalbatzan bertan ere udaleko kontu-hartzaileak aitortu zuen praktika horrekin lotutako zenbait alderdi berrikusi behar zituela”.
Gauzak hala, espediente batzuetan “zorroztasuna” falta dela uste du Encina Castresanak. Proiektu estrategikoetan aurrerapausorik ez dagoela nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak, Eguneko Arretarako Landa Zentro berriaren kasuan, adibidez, lizitazio hori “Gabonak baino lehen egitekoa” zela gogorarazita.
Besteak beste, Eguneko Zentroan eta Etnografia Museoan jazo dira kontratu txikien kateatzeak, EAJk salatu duenez.
Beste hainbat gai ere jarri zituzten mahai gainean plenoan: “Gaztelekuaren lizitaziorik eza, derrigorrezko fitxaketa-sistemaren ezarpena atzeratzea, kultura-zerbitzuen plangintzarik eza edo barne-kudeaketako programak eguneratzeko beharra”. Hirigintzari, ondareari eta udal-azpiegituren mantentzeari buruzko galderak ere plazaratu zituzten, eta ondorio bat atera dute: Atzerapenak pilatzen ari direla “oinarrizko zerbitzuetan eta aurretiko plangintzarik gabeko erabakietan” eta horrek “eragin zuzena” duela “herritarrek jasotzen dituzten zerbitzuen kalitatean”.
Udal-ordenantzen betetze-maila, dirulaguntzen kudeaketa eta kontratuen izapidetzea ere jarri dituzte zalantzan, nabarmenduz ez direla kasu isolatuak, “ziurgabetasuna sortzen duen kudeatzeko modu bat baizik”.
Horren guztiaren aurrean, “kudeaketa eredu serio bat” ezartzearen beharra plazaratu du oposizioko taldeak, “plangintza eta segurtasun juridikoa dituena”.