Udan egin nahi ditu Artziniegako Udalak Arteko Gure Ama Ikastetxeko jolasgunea handitu eta hobetzeko lanak, ikasturte berrirako prest egon dadin. Tokiko erakundeak 29.000 euroko dirulaguntza jaso du Eusko Jaurlaritzaren eskutik obra hori egiteko. 50.000 euro baliatuko dituzte guztira lanak egiteko, eta gainontzeko dirua Udalak berak jarriko du.
Eraberritze prozesu handiago baten lehen urratsa izango da hori, Arkaitz San Joseren hitzetan. Zinegotziaren aburuz, “sekulako proiektua” da esku artean dutena, “urratsez urrats” garatu beharrekoa, eta udan egingo dena “egiteke denbora gehien daraman zatia” izango da: Haurreskola eta Lehen Hezkuntzako sarreran dagoen jolasgunea hesitzea, “toki babestuagoa” izateko.
Dena den, beste urrats batzuk etorriko dira gero. Udal ordezkariak azaldu du hezkuntza komunitatea prozesu batean murgilduta dagoela “espazio komunak eta patioa” eraberritzeko. Besteak beste, “futbol zelaiari zentralitatea kendu” nahi diote, espazioa “beste modu batera” interpretatzeko. “Sekulako zortea dugu patio handia dugulako, eremu berde handiarekin”, azaldu du San Josek Azalera podcastean. Horregatik, aldarrikatu du “guztirako espazioa” dagoela, “ez da ekintzarik kanpoan utzi behar, baina beste zentralitate bat eman nahi zaio espazioari”.
