ARTZINIEGAKO ORDENANTZA BERRIA

“Alde zaharretik pasatze hutsagatik pasatzea ekidin nahi izan dugu"

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 2a

Artziniegako Hirigune Historikoari eragingo dio ordenantza berriak. / EAJ

Gune horretako trafikoa arautzen duen ordenantza onartu du Artziniegako Udalak, EAJren kritiken artean. 

Maiatzeko Udal Osoko Bilkuran onartu zen Artziniegako Hirigune Historikoan trafikoa arautzeko ordenantza berria. Araudi berria Arabako Aldizkari Historikoan argitaratu bezain laster sartuko da indarrean, eta kamerak jarriko dituzte matrikulak irakurtzeko, gaur egun dauden piboteak kenduta. 

Tokiko erakundeak zehaztu duenez, hamaika alegazio aurkeztu ziren orotara. Horietako sei hartu dituzte aintzat behin betiko ordenantzan, bat partzialki gehitu dute eta beste lau ez dituzte onartu. 

Araudi berriak ordutegi finkoak ezartzen ditu baimendu gabeko ibilgailuak Alde Zaharrean sar daitezen. 7:00etatik 15:30etara sartu ahalko dira astelehenetik ostiralera eta 7:00etatik 14:00etara larunbatean.

Azaldu dutenez, igande eta jaiegunetan ezingo dira sartu. Dena den, arratsaldez eta gauez ere izango dute aukera, 15:30etatik 7:00etara, baina ordu erdiz gehienez. Hain zuzen, horretarako jarri nahi dituzte kamerak, denbora hori kontrolatzeko. 

Udalak defendatu du kamaren sistema piboteena baino egokiagoa dela, oztopo fisiko horiek “sekulako eragozpenak eta istripuak” eragin dituztelako.

Arkaitz San Josek luze eta zabal hitz egin zuen gaiari buruz Aiaraldea Komunikabidearen Azalera podcastean. Zinegotziaren aburuz, “ezjakintasun eta larritasun handia” dago gaiarekiko, eta eztabaida ugari nahasten dira. 

Udal ordezkariak defendatu du kamaren sistema piboteena baino egokiagoa dela, oztopo fisiko horiek “sekulako eragozpenak eta istripuak” eragin dituztelako, eta gero nahasmen handia egon izan delako aseguruekin, gidariak Alde Zaharrean modu egokian sartu zen edo ez aztertu behar zelako. 

San Joseren ustez, badaude Alde Zaharrean “sartze hutsagatik” sartzen diren autoak, eta hori da ordenantza berriarekin ekidin nahi izan dute, pertsona batzuek “oso gaizki” aparkatzen dutela nabarmenduta. “Ez dugu udaltzainik. Eskumen horiek Ertzaintzarenak dira eta normalean ez du isunik jartzen, baina Udalak ere badu horretarako gaitasuna”, azaldu du zinegotziak. 

Gauzak hala, San Jose ziur dago neurri berria merkataritzaren mesederako izango dela, Artziniegako Enpresa eta Merkataritza Elkarteak aurkako iritzia plazaratu zuen arren urte hasieran, oraindik alegazioak aurkeztu eta onartu gabe zeudenean. 

Oposizioaren kritikak

Ordenantzaren aurka bozkatu zuen EAJk udalabatzan, eta oharra plazaratu du bere jarrera azaltzeko. Oposizioko taldeak uste du araudi berriak "kalte larria" eragin ahal diola "merkataritzari, ostalaritzari eta eguneroko bizimoduari".

Jeltzaleen arabera, "diagnostiko oker batetik" abiatzen da neurria, eta agerian uzten du "egungo udal gobernuaren planifikazio eta adostasun falta".

Ordenantzari buruzko herri galdeketa egitea planteatu du EAJk.

EAJk argudiatu du udalerriko mugikortasun arazoa ez dela igarotze-trafikoa, "bizilagunentzako eta bisitarientzako aparkaleku eta alternatiba errealen falta" baizik.

Horri lotuta, nabarmendu du EH bilduk zortzi urte daramatzala Artziniegan gobernatzen, "disuasio-aparkaleku bakar bat sortu gabe eta udalerrirako mugikortasun plan integral bat aurkeztu gabe".

Gauzak hala, debekatzera mugatzea leporatu diote jeltzaleek udal gobernuari, "eredu integral eta adostu bat" behar dela iritzita. Ordenantzari buruzko herri galdeketa egitea planteatu diote udal gobernuari. 

Prentsa ohar bera baliatu du EAJk Dirulaguntzen Plan Estrategiko baten beharra mahai gainean jartzeko.

Azaldu dutenez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak horri lotutako ohartarazpen bat bidali dio Udalari. "Dirulaguntzen Plan Estrategikoa ez da izapide burokratiko hutsa. Funts publikoen banaketan gardentasuna, norgehiagoka eta segurtasun juridikoa bermatzeko ezinbesteko tresna da", argudiatu du Encina Castresana bozeramaile jeltzaleak. 

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide