Artziniegan Helduentzako Hezkuntza Eskola irekiko dutela ospatu zuten larunbatean, baita horretarako egindako ibilbidea

Aitor Aspuru Saez 2026ko ekainaren 25a

2017an abiatu zuten gaztelerazko klaseak Artziniegan etorri berrientzat eta egindako ibilbideari esker, hurrengo irailean Helduentzako Hezkuntza Eskola zerbitzua abiatuko dute. Hori guztia ospatu zuten larunbatean eta erakundeen zein elkarteen ordezkaritza hartu zuen hiribilduak.

Larunbatean hitzordu berezia izan zuten Artziniegako Kultura Etxean, ospatzeko hurrengo ikasturtean Helduentzako Hezkuntza Eskola inauguratuko dutela. Berez, zerbitzu horren agerpena ez da kasualitatearen fruitu eta ahalegin luze eta jarraituaren emaitza izan da. 

Hori aitortzeko Gizarte Politiketako eta Giza Eskubideetako Saileko zuzendaria Joana del Hoyok, Arantza Cañamares foru teknikariak, udal ordezkariek, Aiaraldeko Kuadrillako berdintasun teknikariak eta hainbat elkarteko kideek (Bidaya, Loturak Emakumeok...) parte hartu zuten topaketan.

Berez, jardunaldian proiektuaren ibilbidearen historikoa egiteko irudikatzeko antolatutako ekintzen argazkiak proiektatu zituzten: kultura-trukea, bizilagunak, UNED online ikastaroa liburutegian, ibilaldiak, bilerak...)... Eta bideo emanaldia ere egin zuten.

Ondoren, Loturak Emakumeok proiektuari buruz aritzeko hartu zuen hitza kideetako batek eta Arantza Cañamares eta Naia Cambrero teknikariek aitortza diplomak eman zizkieten proiektuan egondako emakumeei.

Bukatzeko jatorri eta gastronomia ezberdinetako errezetak dastatu zituzten.

2017tik lanean

Arestian argitu bezala, Helduentzako Hezkuntza Eskola irekitzeko lan handia egin dute 2017tik. Hasieran emakume migratuentzako erdarazko eskolak izan ziren. Lehen urrats horiek parrokiako boluntarioen bitartez egin zituzten.

Geroago, 2019an, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako eta Giza Eskubideetako Sailaren (AFA) eta Aiaraldeko Kuadrillaren  laguntza heldu zen, kulturartekotasunari buruzko programen bidez.

50 emakumek parte hartu dute ekimenean eta Bidaya Emakume Musulmanen Elkartearen babesa izan zute, baita ZEHAR Euskadikoa ere. Azkenean, iaz eratu ziren formalki eta Helduentzako Hezkuntza Eskola zerbitzua hartzeko eskari ofiziala egin zuten. 

Argazkiak: Encina Castresana

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide