Erdi Arora bidaiatuko du Artziniegak irailaren 19an

Maider Ramirez Martin 2026ko uztailaren 7a

Azokaren XXVII. edizioa izango da aurtengoa. / Aiaraldea.eus

Egitarauko hainbat kontu aurreratu dituzte dagoeneko antolatzaileek, eta kartela ere eman dute ezagutzera. Peio Ureta Ofizialdegi artziniegarrak diseinatu du, azkenengo bi edizioetan bezala.

Denboran salto egin eta iraganera bidaiatzeko parada ematen du Artziniegako Antzinako Azokak urtero. Aurten ere ez du hutsik egingo eta irailaren 19an Erdi Aroko giroan sakonki murgilduko dira hiribilduko kale eta kantoiak. 

Egitarau osoari azken ukituak ematearen faltan, zenbait kontu aurreratu dituzte dagoeneko antolatzaileek, gogoa pizten joan dadin: "Inguruko artisauek eta ekoizleek, urrunetik datozen merkatariekin bat egingo dute Azoka honetan haien produktu hoberenak eskaintzeko: goxoak, arropak, bitxiak, janaria… eta hainbat eta hainbat kuriositate eskuratzeko aukera izango dugu, beti bezala artisau landuen eskutik".

Orotara ehun postu baino gehiago egongo direla azaldu dute eta kale animazioa ere ugaria izango da: juglareak, izaki fantastikoak, hango eta hemengo musikari eta dantzak, eta adin guztietarako ikuskizunak egongo dira egun osoan, Erdi Arorako denbora-bidaia hori girotzen.

Bide horretan, esperientzia are murgilgarriagoa izan dadin okasiorako janzteko gonbita egin ohi diete antolatzaileek herritarrei. 

Ekimen herritarra

Ibilbide luzea eta aitzindaria da Artziniegako Antzinako Azokarena, 1998. urtean estreinatu zen, eta herrian harro dioten bezala, mota honetako Euskadiko lehena da.

Hogeita zazpi urte hauetan, esku eta buru ezberdinetatik igaro da Azoka antolatzeko ardura: Artziniega Museoak izan zuen lehenbiziko hiru urteetan, Bolaretxe kuadrillak hartu zuen ondoren, eta Udala eta ostalari talde bat ere aritu izan dira prestaketa lanetan, etapa ezberdinetan. 

Gaur egun, ordea, 2022an abiatutako hausnarketa prozesuaren ondoren, "lantalde herrikoi" batek antolatzen du iraileko Azoka. Urtean zehar hainbat bilera egiten dituzte horretarako, eta Artzininiegako Udalaren eta La Villa, Ostargi-Koba, Batzoki eta Pirineum tabernen laguntza ere badute. 

Kolaboratzaile eta boluntarioen elkarlana, dena den, beharrezkoa dute egun handi hau hasieratik amaierara arte aurrera atera dadin. Peio Ureta Ofizialdegi da laguntzaile horietako bat: 3D Artista da bera eta Azokaren kartela diseinatu du azken hiru ediziotan. 

Honako hau da aurtengoa:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide