2026-2027ko Arabako Foru Aldundiko Obra eta Zerbitzu Planak hiru esku-hartzetan izango du isla Artziniegan. Babes ekonomiko gehien jaso duen egitasmoa Saratxaguren kalekoa izan da. Berez, aurreikusitako lanek 858.275 euroko kostua ekarriko dute eta Aldundiak 552.865 euro hartuko ditu bere gain.
Hilerriaren eta Eguzkimendi urbanizazioaren aurretik igarotzen den aldapa horretan aurkeztutako aurreproiektuan asmoa da zoladura berritzea irisgarritasuna eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren araudia beteta, azpiegitura-sareak —uraren edo gasaren hornidura kasu— egoera onean mantentzea, aire zabalean dauden azpiegituren sareak —energia elektrikoa, argiteria eta telekomunikazioak— lurperatzea, eta drainatze-sarea eta argiteria publikoa berritzea.
Trafikoa
Edonola ere, aurreproiektuak eragina izango du trafikoan ere, eta nahiz eta testuan norabide bakarreko bidea proiektatu duten, Artziniegako udal gobernu taldeak aurreratu du aukera hori aztertuko dela herritarrekin: "Helburu maximoen aurreproiektua aurkeztu zen deialdian, baina herritarrek uste badute aukera egokiagoa dela bi norabideko errepidea eta espaloi bakarreko kalea izatea, Udala irekita dago aldaketa hori egitera. Berez, proiektuak hiru urte ditu eta eguneratu behar da".
Ur edangarriaren sareak berritzeko 500.000 euro baino gehiago
2026-2027ko Arabako Foru Aldundiko Obra eta Zerbitzu Planak beste bi proiektu finantzatuko ditu Artziniegan eta biak daude lotuta ur edangarriaren horniketara.
Hain zuzen, Gernika igarobidean eta Geltoki kaleko edateko uraren sarea berritzeko 247.272,45 euro izango ditu Udalak — 297.073,04 eurokoa da inbertsio osoa— eta Kanpijo auzunean 287.308,45 euroko laguntza esleitu dio Aldundiak, guztira 320.698,48 eurokoa da aurrekontua hor.