12 urtetik gorako gazteei bideratutako uztaileko jardueren programazioa kendu izana deitoratu du Aiarako EAJk. Oposizioko taldeak nabarmendu duenez, adin txikiko haurrek badute mota horretako eskaintza, Jolas Txokoaren bidez.
Baina, salatu dutenez, Udalak "alternatibarik gabe" utzi du 12 urtetik gorako adin tartea.
"Kezkatuta gaude uda honetan ez delako programaziorik aurreikusi udalerriko gazteentzat. Ez gara luxu bati buruz ari, baizik eta eskolako oporretan aisialdiko alternatibak eskaintzen zituen ekimen bati buruz", adierazi du Gentza Alamillok.
Zinegotzi jeltzaleak "ekimen eta planifikazio falta" sumatzen du gertatutakoaren atzean. "Beti da posible programa bat hobetzea edo egokitzea, baina ez dugu ulertzen desagertzea gure gazteei inolako aukerarik eskaini gabe", salatu du.
Gauzak hala, gazteei zuzendutako programazio berreskuratzeko deia luzatu dio EAJk EH Bilduren udal gobernuari hurrengo udei begira, "gazteetan inbertitzea Aiarako etorkizunean inbertitzea" dela iritzita.