“Artziniega konektatzen” proiektua garatu du Udalak, nahi ez den bakardadea prebenitu eta murrizteko helburuarekin. “Sare komunitario bat” eraiki nahi du tokiko erakundeak, “herritarren inplikazio aktiboaren, zahartze aktiboaren eta belaunaldien arteko topagune egonkorren sorreraren bidez”.
Aurten garatu nahi dute egitasmoa, hainbat jarduera mota uztartuta: boluntariotza komunitarioa, antzerki soziala, memoria kolektiboa, herritarren partaidetza eta zine-forumak. 8.000 euroko aurrekontua baliatuko dute horretarako, baina horretarako finantziazioa lortu ahal izatea espero dute, Arabako Foru Aldundiaren dirulaguntza batera aurkeztu baitute ekimena.
Zehaztu dutenez, honako urrats hauek burutuko dituzte:
- Boluntarioen eta laguntza-eragileen sare komunitarioa sortzea.
- 60 urtetik gorakoentzako gizarte-antzerkiko programa bat garatzea.
- Belaunaldien arteko programa bat osatzea, oroimen kolektiboa berreskuratzeko. Horren barruan, “topaketa parte hartzaile bat” garatu, sei dokumental grabatu eta zineforumak antolatuko dituzte.
Emakumezkoak nagusi
Udaleko errealitate demografikoaren hainbat zertzelada eskaini ditu Udalak proiektu honen premia azaltzeko. Tokiko erakundeak zehaztu duenez, 1.916 biztanle ditu Artziniegak gaur egun, 948 gizon eta 967 emakume. Horien %19a dira 65 urtetik gorakoak. 231 herritar bizi dira bakarrik, eta horietatik 119k dituzte
65 urte baino gehiago.
Gainera, Udalak nabarmendu du biztanleria “nabarmen feminizatzen” dela 80 urtetik gorako bizilagunen artean, “emakumeen bizi-itxaropen handiagoaren ondorioz”. Horren ondorioz, emakume askok denbora asko igarotzen dute bakarrik bizitzen, “sarritan alarguntza-prozesuen ondoren eta sare sozial geroz eta murriztuagoekin”.